Saizarbitoriaren alde (eta kontra)

Erabiltzailearen aurpegia Elena Laka 2022ko eka. 19a, 00:00

Oraindik ez duzula irakurri Martutene, Ramon Saizarbitoriaren eleberria?

Artikulu hau bukatu orduko, joan zaitez liburutegira edo liburu dendara, eta eskatu ale bat. Luzea dela? Bai, oso, hartu denboraz. Esaldi amaigabeak dituela? Bai, ikaragarriak, izan patxada. Adiktiboa dela? Baita ere, ezin zaio irakurtzeari utzi. Eta zeren gainekoa da? Gizonen eta emakumeen arteko harremanez, harremanen korapilatzeaz, eta Euskal Herrian jazotako gatazkaz gerra zibiletik gaurdaino. Guztia Donostiako giro burges kosmopolitatik begiratuta. Ahaztu patriaz eta patriaondoaz, eta ekin Martutene irakurtzeari.

Hori egin zuten joan zen astean Bilboko Arriaga antzokian. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, Martutene eleberriaren irakurraldi publikoa antolatu zuten, liburuak hamar urte baino ez baditu ere, klasiko bat delako. Eta irakurraldiaren inguruan egin dizkioten elkarrizketetan etorri dira Saizarbitoriaren adierazpenak, euskalkia erabiltzen dugunoi azkura apur bat sortu digutenak: euskara batutik kanpo ez dagoela euskararentzako salbaziorik, prestigioari lotuta doala euskaren salbazioa, ez jatorkeriari, eta, oro har, euskalkien kontra. Eta adierazpenetan bitxiena: euskalkia jatorkeriari ezinbeste lotuta aipatzen duen horretan, Bergarako euskara aipatzen du. Ez Bermeokoa, Eibarkoa edo Etxarri Aranazkoa. Bergarako euskalkia.

Zer dauka Saizarbitoria ramegante-ak Bergarako euskalkiaren kontra? Martutene-n pertsonaiak eleganteak dira, Donostia eta Donibane Lohizune artean mugitzen dira, Auzmendi eta Fancy dendetan erositako arropa dotoreak erabiltzen dituzte. Gure amak esango lukeen moduan, klasea daukate. Eta euren arteko elkarrizketa guztiak euskara batuan jasotzen dira, euskalkia erabiltzen duten ala ez aipatzeke.

Ostera, nobelaren zenbait pasarte barnealdeko herri batean kokatzen ditu, Otzeta herri imajinarioan. Non dago, zehatz-mehatz? Ez dakigu. Baina Martutene-ren ondoren idatzitako Lili eta biok nobelan Otzeta herri alegiazkoa agertzen da berriz ere, eta honela deskribatzen du egileak Donostiatik bertarainoko bidaia: "Gipuzkoako kosta osoa korritu behar du ia, ekialdetik mendebaldera Debaraino, eta gero hegoaldera jo, Bergararaino, handik mendebaldera itzuliz Otzetara igotzeko. 75 kilometro inguruko ibilbidea". Ez al da hori Donostiatik Elgetara iristeko bidea?

Buelta gaitezen Martutene-ra: Otzetan bizi diren pertsonaiak askoz ilunagoak eta zabarragoak dira donostiarrak baino, eta, hauek ez bezala, koadrotako alkandorekin eta mendiko arroparekin janzten dira. Darabiltzaten hizkera Gipuzkoako mendebaldeko hizkeran jasotzen da. Alegia, Deba arroko euskalkian, Bergarako euskalkiaren antz handia daukan mendebaldeko euskalkian.

Ez dakit Saizarbitoria gai ote den Bergarako euskara Oñatikotik ala Eibarkotik desberdintzeko. Ziur asko, inporta ere ez zaio egiten, ez da batua, ez da Donostiako hizkera koxkeroa, batuaren horrenbesteko antza daukana. Gipuzkoako hiriburuko mugak gainditu orduko dena du barbarotzat, ez dakit izaera bera izango duten Donibane Lohizune edo Biarritz dotoreek.

Lili eta biok liburuko pasarte batean pertsonaia batek esaten du: "Ez dakit non, Elgetan edo Antzuolan edo hor nonbait". Horixe ematen du Debagoienak donostiarrarentzako: hor nonbait dagoen leku bat, euskalki mordoiloan berba egiten duena.

Donostiarren fineziarik barik, nik sinpletzat daukat neure burua, eta aitortu behar dut euskalki/batuak zero arazo eman dizkidala arau sinple bat erabiliz: euskalkia lagun artean, bailaran eta batuarekiko zailtasuna sumatzen dudanean, adibidez, jende nagusi ez-alfabetatuari gauza elaboratuak azaltzeko. Batua erregistro formalean, ahoz nahiz idatziz, eta euskalkia ulertuko ez didatela sumatzen dudanean. Kitto, segundo bat gehiago ez bata edo bestea alboratzera. Biak dira gureak. Eta ez da gauza bera kuadrillako Whatsapp edo hitzaldi bat unibertsitatean. Ez harro, ez lotsa, desberdin. Kontua edonon euskaraz hitz egitea da, ahalik eta ganora gehienarekin, euskalkiz edo euskara batuz mozorrotzeke praktikan hizkera eskasa dena.

Eta Saizarbitoriaren lanarekin gozatzen jarraitzeko eta, aldi berean, euskara prestigiatzeko, euskalkia zein batua, berdin dit; bada, zergatik ez dugu datorren urtean Debagoienean irakurraldi publiko bat antolatzen? Izan ahal izango litzateke Otzetaren antz demasa duen Elgetan, adibidez, Lili eta biok nobela jende artean irakurtzeko. Izan ere, liburu honetako kontakizunaren erdia Debagoienean gertatzen bada ere, ez dago euskalkiaren aipamenik apenas, eta, beraz, bertako herritarrak normal hitz egingo balute moduan agertzen dira. Euskalkia, euskara, prestigioa eta literatura uztartze aldera diot.

Apuntatu, aurten irakurri Martutene, ez iezaiozue kontuan hartu egileari Bergarako euskararen kontra esandakoak. Eta datorren urtean, Lili eta biok, modu pribatuan eta irakurraldi publikoan, euskalkiaren kontra ez diharduen liburu ederraz gozatzeko, Elgeta imajinario bat ezagutzeko, eta Debagoiena, gure bailara, kultura eta euskara prestigiotsuarengatik ezagutzera emateko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak