Mondragon auziko epaia: Meloia ez da zabaldu

Erabiltzailearen aurpegia Elena Laka - Abokatua 2018ko uzt. 30a, 23:30

Mondragon taldeak prozesu judizialean alegatu zuen preskripzioa aintzat hartuz, Bergarako Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegiko epaileak Fagorreko konkurtsoan eragindako pertsonek jarritako demanda ezetsi du.

Auziaren aurre-entzunaldian bederatzi gai finkatu ziren epaileak epaitu zitzan, horietatik lehena auzia preskribatuta zegoen ala ez. Bederatzi horietatik lehena onetsi du, eta beraz, ez ditu gainerako zortzi gaiak argitu.

Alegia, ebatzi gabe geratu dira: auzi-jartzaileek zein profil zuten, engainurik egon ote zen, Mondragonek bere adierazpenetan engainurik sortu ote zuen, konkurtso deklarazioa nahita luzatu ote zuen Mondragon taldeak, kaltetutakoek kooperatiben egoeraren berri zeukaten ala ez, kaltetutako guztiek oker hori sufritu zuten ala ez, ekarpenak exijitu ahal ziren 2011 eta 2013 artean, eta kooperatibek gaitasunik ote zeukaten ekarpenak bueltatzeko. Gai hauek guztiak ikusteke geratu dira, epaileak ez ditu baloratu ere egin.

Preskripzioa gailendu baita, eta demanda epez kanpo jarrita dagoela iritzita, epaileak ez ditu gainerako arazoak erabaki. Meloiaren azala baino ez du zapaldu,  ez du meloia zabaldu. Erantzunik gabe geratu dira epaiketaren xede ziren gainerako gai guztiak.

Preskripzioa, demanda bat jartzeko dagoen epea, laburra zen kasu honetan: urte bete kaltetuak bere kaltearen berri jakin eta auzia jartzeko aukera daukatenetik kontatzen hasten da. Laburra eta erabakiorra, epea pasata, demandak ezin du aurrera egin.

Preskripzioaren garrantziaz

Bi alderdiek jakitun ziren preskripzioak izan zezaken garrantziaz, eta auzi saioaren laugarren egunean egin zituzten ondorioetan, saiatu ziren preskripzioaren inguruko argudioak ematen. Auzi-jartzailea preskripziorik ez zegoela, kontatzen hasteko eguna 2015eko otsailean jartzen zuelako, alegia, bazkideek guztia galdu zutela jakin zuten egunean. Eta ondoren aipatu zuen kalean manifestazioak eta agerraldiak egin zirela, beraz ezin ulertu demandagileek euren eskubidea abandonatu zutenik.

Ostera, Mondragon talde auziratuak, argudiatu zuen preskripzioa onartu beharra zegoela, 2014ko uztailaren 29rako, Cataren esleipena egin zenerako, kooperatibistek ondo zekitelako ezingo zituztela beraien ekarpenak berreskuratu.

Auziari egin genion jarraipenari, aurreikusi genuen preskripzioa onartzeko aukera: hemen (14,55') eta hemen (23,10'). Eta horixe da, hain zuzen, Ángela Rodríguez-Monsalve epaileak ikusi duena: 2014ko uztailaren 24ean konkurtsoaren administratzaileak, Ane Alkorta Gurrutxagak epaiketan eman zuen lekukotzaren arabera ikusi zela Fagorrek ezingo zuela pasiboa ordaindu. Beraz, epailearen arabera, data horretatik aurrera hasi beharko da urte bete kontatzen. Demanda jartzeko epea 2015eko uztailaren 25ean galdu zen beraz, eta ostera, demandarik ez zen jarri 2015eko abendura arte. Epaileak esaten du, baita ere, auzi-jartzaileak ez duela frogatu tarte horretan ezer egin zuenik preskripzioa apurtzeko, nahiz eta bere abokatuak aipatu manifestazioak eta agerraldiak egin zituztela.

Kostak erdibana

Mamira sartu barik ebatzi ahal izan du epaileak, eta epaiketaren kosten ordainketaren inguruan ere, erdibidetik jo du: ez du kosten kondenarik egin, alderdi bakoitzak bereak ordaindu behar izango ditu, argudiatzen duelako zalantzak zeudela preskripzioaren hasierako data finkatzeko, eta epaiketa beharrezkoa izan dela data horren gaineko epaia emateko.

Mamira sartzeke eta kosten kondena barik, baina erdibidea ez da izan salomonikoa, alderdi bati arrazoia eman eta besteari kendu egin dio. Fagorreko kooperatibistei ez die arrazoirik onartu, eta hauek zapuztuta geratu dira egindako ahalegin guztiek ez dutelako aintzat izateko aukerarik izan. Ostera, Mondragon taldea pozik epaia euren aldekoa izan delako, nahiz eta garaipen borobila galdu duten, ez baitituzte ezetsi euren kontrako argudioak.

Eta orain zer?

Fagorreko kooperatibistek irailaren 28ra arteko epea daukate gora jotze errekurtsoa jartzeko Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, honek berriro auzia azter dezan. Nahiz eta helegitea jarri, ziur asko ez da beste ahozko auzi-saiorik izango, prozesu guztia idatziz egingo da, epaia jakin arte.

Jarriko dute helegitea? Esango nuke baietz, ziur naiz auzi-jartzaileak, honaino iritsita, ez direla Lehen Auzialdiko epaileak esandakoarekin bakarrik geratuko. Eta gero? Bada, ikusiko dugu Lurralde Auzitegiak mamira egiten duen, ala, litekeena den moduan, berriro ere, meloia zabaltzeke laga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak