Ordaindu eta Eskuratu defenditzen duten kolektiboen abokatuak aipamen gutxi egin dizkio aste honetan zehar deklaratu duten lekukoek eta perituek esandakoari, eta azpimarra gehiago jarri du prozesuan aurkeztu dituen agirietan: aktak, bai Mondragon kontseiluarenak, bai Fagor Etxetresnako batzarretakoak, bai Fagor Kooperatiba Taldeko organoenak; urteko txostenak eta TuLankide aldizkariko artikuluak. Bere argudiaketaren zati bat aldatu du demandan esandakoaren aldean: ondorioetan adierazi du Mondragon ez dela enpresa holding ohiko bat, baizik eta kooperatiba sare bat, eta horien oinarrian dagoela kooperatiben elkartasuna eta konfiantza.
Aurkeztu ditu bere bezeroak aurrezkiak galdu dituzten bazkide batzuk moduan, kontuan izanda %80 bazkide jubilatuak zirela, eta gainerakoak, bazkide aktiboak. Eta bazkide guztiei konfiantza emateko eta beraien ekarpenak eska ez zitzaten, Mondragon Taldeak ekintza batzuk egin zituela: TuLankide-n Txema Gisasola Fagor Etxetresnetako zuzendari nagusi ohiak eta Mondragon Korporazioko presidente ohiak aipatu zuen egoera kezkagarria zela, baina ez beldurgarria, Taldearen laguntza izango zuela, eta baita ere San Andres eta Garagartzako sailak erosteko operazioa.
Horren guztiaren bitartez, konfiantza bat sortu zela, konkurtso desordenatu batera ez joateko, eta bazkideek borondatezko ekarpenen bueltatzea eska ez zitzaten. Une oro agertu zela elkartasuna eta konfiantza zirela kooperatiben oinarri, eta, hain zuzen, elkartasun horrek ez zuela "beraien kooperatiba santua" jausten uzten. Batez ere, akta batzuen zatietan jarri du bere argudiaketaren oinarria, esanez "kontakizun" bat egin zela –errelato hitza erabili du– konfiantza sortzeko.
Demandan Mondragonek informazio faltsua nahita eman zuela esaten bazuen ere, egueneko azken saioan esan du Mondragon ez zela faltsutasun horren jakitun, baina arduragabe jokatu zuela. Adierazi zutela Fagorrek bazeukala etorkizun argia, jakin gabe zein baliabide izango zituzten etorkizun hori bermatzeko. Mondragoneko zuzendariek beraien adierazpenak gehiago zaindu eta zehaztu beharra zutela, baina ez zutela egin konfiantza hori apurtu ez zedin. Ez da konkurtsoa aurreikusi zitekeela, baizik eta kudeaketa hobe bat eraman beharra zeukala norabide horretarantz ez jotzeko. Zehaztasun gehiago jarri beharra zeukala bere adierazpenetan, bazkideak kaltetuta atera ez zitezen.
Bukatzeko, modu laburrean, auzira ekarritakoak emandako lehen argudioaren kontrako arrazoiak eman ditu: preskripzioa. Esan du kontatzen hasteko data 2015eko otsaila dela, bazkideek guztia galdu zutela jakin zutenean, eta, beraz, demanda 2015eko abenduan aurkeztu zenez, epearen barruan egin zela.
Irizpide juridikoak
Arantxa Estefaniak, auzira ekarritako alderdiaren abokatuak, bestalde, gogora ekarri du auzi batean gaudela, eta erabili beharreko irizpideak juridikoak direla, eta auzi jartzaileari dagokiola frogatzea erreklamatzen ari den egitate horiek. Harridura agertu du frogatzeko, bere iritziz, ahalegin txikia egin duelako auzi jartzaileak. Harritu egin da inongo bazkiderik ekarri ez izanaz lekuko moduan, engainatuak izan zela adierazteko.
Marmarrak entzun dira aretoan Fagor Taldea Mondragoneko kide ez dela adierazi duenean, ikusleen artean batzuek esan dutelako kooperatiba guztiak Mondragoneko kide zirela. Epaileak oharra eman du: "Hurrengo marmarra, eta aretoa hutsaraziko dut". Ez da marmar gehiago gertatu.
Bere lehen argudioa zehaztu du ondoren: preskripzioa. Izan ere, auzi jartzailea erabiltzen ari den akzioak urtebeteko iraunaldia dauka, demanda beranduago jarriz gero, ez du aurrera egiterik izango. Eta epea kontatzen hasteko data 2014ko uztailaren 29an jarri du: hain zuzen, konkurtsoan Cata-ri esleipena egin zitzaionekoa. Orduan jakin omen zuten bazkideek dena galduta zeukatela, eta hortik 2015eko abendura, urtebete luzea pasata dagoela.
Eta ondoren, mami-mamira sartu da: ez dela frogatu kontratuz kanpoko erantzukizun erreklamazioak eskatzen dituen baldintzetako bat ere. Alegia, lehenik: ez dela engainurik gertatu. Mondragonek Garagartza eta San Andreseko sailak erostearekin egin zuen gauza bakarra izan zela "sekulako mesedea" –favorazo berba erabili du–. Oso sutsu defendatu du Mondragonek ez zuela onurarik atera, esan du argudio horrek bereziki eman diola mina Mondragoni, taldeak ez zuelako onurarik atera, epaiketan perituek adierazi zuten moduan. Azpimarratu du kooperatibetan, batzar orokorren bitartez, bazkideek momentu oro guztiaren informazioa dutela, eta bazkideak guztiaren jakitun zirela. "Zela egongo da engainua", erantsi du, "kooperatibek 111 milioi baino gehiago sartu bazituzten 2011tik 2013ra arte?".
Bigarren baldintza ere betetzen ez dela azaldu du. Ez da indemnizatzeko moduko kalterik izan. Bazkideek jasan duten kaltea, kontratu batetik eratorritako kalte bat da, bazkide zirenez gertatu zen. Ezin da kalte hori kontratuz kanpoko erreklamazio baten gai izan, kontu honetan ari diren moduan. Legea bere erara erabiltzeko nahia egotzi die demandatzaileei, gainerako zordunen aurretik jartzea helburu bakar, eta, gogorarazi du Fagorren pasiboa 1.000 milioikoa zen.
Eta hirugarren baldintzaren gabezia azpimarratu du: kausazko lotura balizko engainuaren eta kaltearen artean. Dioenez, ekarpenak ez ziren galdagarriak, ez juridikoki –zordunen berdintasun printzipioa apurtuko litzatekeelako–, ez materialki, bazkide guztiek batera eskatuko balituzkete ekarpen guztiak ezingo zirelako bueltatu. Iritzi dio, beraz, ez dela demandak aurrera egiteko inolako argudiorik frogatu, eta bukatu du bere jarduna epaileari eskatuz demanda ezetsi dezala.
Iritzi dio, beraz, ez dela demandak aurrera egiteko argudiorik frogatu, eta bukatu du epaileari eskatuz demanda ezetsi dezala.