Epaiketaren mamia: bien argudioak

Ordaindu eta Eskuraturen Mondragon Korporazioaren aurkako demandan, maiatzaren 7tik 10era partida garrantzitsua jokatuko da Bergarako Lehen Auzialdiko 1 zenbakidun Epaitegian.

Alde batetik, epailearen eskuinaldean jarrita, 959 lagunek jarritako demanda bat defendituko dute. Euretarik 865, Fagor eta Edesako bazkide edo bazkide izandakoak; 94, hildako bazkideen oinordekoak. Demandatzaileen helburua: 47.829.230,95 euro ordain dakiela, bakoitzari berea: gutxien eskatzen duenak, 2.800,54 euro; gehien eskatzen duenak, 1.082.315,52 euro. Guztizko kopuruari interesak eta juizioaren kostuak gehitzeko galdegiten dute. Auzibidea hasita, demandatzaileetako batek bertan behera utzi du bere eskaera; beraz, 80.555,44 euro gutxiago eskaeran.

Demandatua, eta beraz, auzira deitua, Mondragon Corporacion Cooperativa Sociedad Civil elkartea. Auzira ekartzeko argudioa: kontratu harreman batetik kanpo sortutako erantzukizun zibileko akzioa. Ekipoa zuzentzen, Raul Tenes abokatua, Donostiako Sunion taldekoa.

Beste aldetik, epailearen ezkerraldean eserita, Mondragon korporazioko ordezkaritzak jokatuko du, auzira ekarria 2016ko hasieran jaso zuen demandaren bitartez. Bere defentsaren argudioa: gauzak ez zirela gertatu demandatzaileek esan bezala, ez zela engainurik izan eta kontratuz kanpoko erantzukizuna ez dela aplikagarri. Bere eskaera epaileari: erabat ezetsi dadila demandatzaileen demanda eta hauek juizioaren kostak ordain ditzatela. Bi abokatuk sinatzen dute erantzuna: bata, Mondragon etxe barrukoa, LKSko Jose Angel Rubio, eta bestea, Arantza Estefania, Uria Menendez abokatu bulego entzutetsuko kide. Epailea, Bergarako epaitegiko beterano bat, Angela Rodriguez-Monsalve.

Honezkero, 2015eko azaroan hasi zen auzibidean, alderdi biek oso garbi utzi dituzte gertakizunen bertsioak, bakoitzaren jarrera, argudio juridikoak eta baita ere zein baliabide erabiliko dituzten bakoitzaren egitateak frogatzeko. Maiatzaren 7tik hasita, hiru egunez pasako dira epaitegiko aretotik lekukoak eta perituak, alderdiek proposatuta eta epaileak hala erabakita, abokatuek egingo dizkieten galderei erantzuteko. Laugarren egunean, han entzundako guztia eta aurretik aurkeztutako dokumentu guztiak oinarri hartuta, alderdi bakoitzeko abokatuak bere ondorioak aurkeztuko ditu, eta bukaeran epaileak hainbeste filmetan ikusitakoa esango du: "Epaia emateko prest" (visto para sentencia). Ondoren, epailearen esku geratuko da auzi guztia, epe barik epaia eman dezan, eta ebatz dezan Mondragonek eskatutako dirua ordaindu behar dien edo ez eskatzaileei. Aurreikusi daiteke alderdietako bat ez dela epaiarekin konforme izango, eta ondoren Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren aurrean gora jotze errekurtsoa jarriko duela. Baina hori beste partida bat, edo partidaren luzapena izango da.

Demandatzaileen argudioak

Hasteko, eskatzaileek Mondragonen sorreraren eta bilakaeraren birpasatze historiko bat egiten dute. Nola izan den bilakaera Ulgorretik Mondragonera, kooperatiben arteko elkartasuna oinarri. Gaur egun, ondorioztatzen du Mondragon holding kapitalista bat dela, zuzendaritzak kide dituen enpresen erabakietan parte hartzeko gaitasun handia duena eta bere orientazioa garbi kapitala bultzatzera dagoela. Ondoren, Fagor eta Edesaren historia laburra egiten du, azken urteetan bizi izan duten krisialdi egoera aipatuz – galerak merkatuetan, krisi ekonomikoa, hornitzaileekin egindako hitzarmena 2011n, 500 milioi euroko zorra finantzatzeko, 2013ko urriko konkurtso eskaerara iritsi arte–. Fagor korporazioko "koroaren bitxia" dela dio, eta horren erakusle, Fagorreko zuzendariek, Mondragoneko goi kargutza osatzen zutela, Txema Gisasola kasu. Bazkideei dagokienez, adierazten du nola enpresen zuzendaritzak planteatzen zien jubilatzen ziren bazkideei bere ekarpenak ez jasotzea, proiektu kooperatiboari lotuta jarraitzeko. Bazkideak kooperatiba "familia"-tzat hartzen ditu, eta mundu kooperatiboaren inguruan urte askoan "adoktrinamendua" jaso zutela eransten du. Azaltzen ditu baita ere ekarpen mota desberdinak, hala nola borondatezko ekarpenak – aurrezki kutxen interes gordinaren tipoa gehi 2,5 puntu ehuneko errentagarritasuna sortzen zutenak–, bueltatzeke zeuden derrigorrezko ekarpenak – errentagarritasun berdina–, eta merkataritzako maileguak edo ekarpen bereziak, bazkideak inaktibo bilakatzen zirenean borondatezko ekarpenek hartzen zuten figura –errentagarritasuna %7,5 + KPIaren %50–. Kontatzen du bitartean Mondragonek Fagorren San Andres eta Garagartzako pabiloiak eskuratu zituela 55 milioiren truke, eta Fagorri errentan eman. Eta apurka-apurka, bazkide eta bazkide izandakoen konfiantza irabazten joan zela, jarrera "toxikatzaile" baten bitartez, informazioa "ezkutatuz eta mozorrotuz", adieraziz Fagorrek eta Endesak etorkizuna zeukatela, bazkide eta izandakoek beren ekarpenak eskatu ez zitzaten. Aipatzen du 2011tik aurrera korporazioa konkurtsorako urratsak egiten hasi zela, baina modu ordenatuan. Helburua, Lagun Arok 2.000 bazkideren langabeziari aurre egin behar ez izatea, eta Mondragonek, Fagor Taldeak eta Laboral Kutxak bere inbertsioak ez galtzea.

Eskaeraren oinarri juridikoa

Informazio faltsua emateagatik, bere erruz, Mondragon korporazioak kalte bat sortu duela, eskatzaileei konfiantza bat sorrarazi zielako, zapuztuta ikusi den konfiantza bat, eta ondorioz hauek bere ondasunak galdu dituztela. Hau da, kontratu baten bitartez loturarik izan gabe, nahikoa arduraz jokatu gabe eragindako kalteengatik ordaindu behar dutela. Argudioaren oinarritzat hartzen du Kontu Auditoreei eska dakiekeen erantzukizuna, eta horren inguruko Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak aipatzen ditu.

Demandatuaren erantzuna

Erantzuna nahigabe adierazpen batekin hasten da: Mondragonek bere nahigabea adierazten du Fagor eta Edesak izan duten bukaerarengatik, demandatzaileek jasan duten kalte ekonomikoengatik eta honen ondorioz Mondragon Taldeko kooperatibetako bazkide/langileek ere jasan izan behar izan dituzten galerengatik. Ondoren, ez ditu inola ere onartzen demandan azaltzen diren egitateak, eta errua biktima baino ez direnei botatzea.

Gertatutakoa, laburtzen du, da zordunen konkurtso eta likidazio baten ondoren sozietate batean gertatzen dena beti; hau da, bazkideek kapital sozialean egindako ekarpenak galdu egiten dituztela, eta sozietateari egindako maileguak ezin dituztela berreskuratu. Ehun orri pasatan irmo adierazten du ez zela inolako "engainuaren teoria"-rik egon, baizik eta demandatzaileek, bazkide zirenez, kooperatiben egoeraren berri zehatza eta puntuala izan zutela beti, informazio hori bazkideentzako kanal egokian eman zela, hau da, Batzar Nagusietan, 2011, 2012 eta 2013an. Gehitzen du demandatzaileek ez bazituzten 2011 eta 2013 artean beraien ekarpenak berreskuratzeko eskatu, euren erabakia izan zela soil-soilik, inork ez zituela behartu, besteak beste, dio, "jasotzen zituzten interesak ikaragarri erakargarriak zirelako". Tesi hori indartzeko eransten du bazkide askok eskatu zutela berreskurapena orduan, eta ez zutela horretarako arazorik izan. Eta era berean bere argudioa sendesten saiatzen da esanez Donostiako Merkataritza Epaitegiak Fagor eta Edesaren konkurtsoa ezustekotzat kalifikatu zuela –ez erruduna–, eta, gainera, garai egokian aurkeztu zela adierazi zuela; beraz, horrekin baztertuta geratzen dela horko kredituen gaineko edozein ardura. Epaitegi berak adierazia dela Mondragoneko kooperatiba bakoitza "independentea eta autonomoa" dela, eta, beraz, ezin zaiola egotzi Taldeari kooperatiba batek izandako norabidea.

Oinarri juridikoetan, argudiatzen du ez dagoela gertakizun antijuridikorik, ez horrek sortutako kalterik, ez Mondragonen jokabidearen eta kalteen arteko lotura kausalik – hiru elementu hauek beharrezkoak dira kontratuz kanpoko erantzukizun bat deklaratu dadin–. Aldi berean, zehaztasun falta egozten dio demandari, esanez eskatzen diren kreditu guztiak nahastuta daudela, ez direla behar bezala frogatzen, eta ez dela nahikoa konkurtsoan kreditu horiek aitortu izana –batzuk ez ziren aitortuak izan, gainera–, baizik eta berariaz frogatu beharra zegoela bakoitza banan-banan demanda honetan. Aipatzen du inola ere ez dela aplikagarria Kontu Auditoreei erantzukizuna eskatzeko legeria, ez baitago alderatzerik kontu auditore batek bere lanean izan dezakeen ardura eta Mondragon Taldeak kide dituen kooperatibekiko dituen ardurak.

Eransten du, gainera, kontratuz kanpoko erantzukizun zibila egotekotan ere, akzio hori erabiltzeko preskribituta egongo litzatekeela. Egitate, oinarri juridiko eta frogak, lekuko nahiz perituak, horiexek guztiak dira maiatzaren 7tik 10era bitartean ikusiko ditugunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak