Hiru morroi lepotik helduta

Bata, oihuka eta garrasika bere onetik aterata. Bestea, barrez eta negar malkotan aldi berean, zotinari ezin eutsiz.

Hirugarrena, txiza praketan bera zeriola. Hirurak lepotik helduta leku publiko batean. Alkohol maila, gure gizartean onartzen den horietakoa. 

Ez ziren Justin Bieber ikustera joandako hiru neska nerabe babalore melenga. Hiru gizonkote heldu eta mardul ziren joan zen domekan Eibarko Ipuruan euren futbol taldea lehen aldiz lehen mailara igo zela ospatzen, sentimenduek gainezka eginda.

Errelatoa egiazkoa da, eta txundituta nauka. Ez baitago munduan, nik ez dut ezagutzen behintzat, horrelako emozio koletiborik sortzeko gai den beste ezer. Izan dira gertakari gogoangarriak politikan, erlijioan, kulturan, bestelako kiroletan, gizartean emozioak sorrerazteko beste, baina horietako bat ere ez zaio orpora iristen futbolari. ETAren su-eten iraunkorraren iragarpena, norbere alderdia hauteskundeetan gailentzea, Tourra, Bruce Springsteenen kontzertua… Gertakizun garrantzitsuak, masiboak, pertsonen sensibilitatea uki dezaketenak, emozioa sor dezaketenak, baina bat ere ez da konparagarria futbolak sorrerazten duela erakutsi diguten hori bezalakoa.

Oro har (orokortasunak orokortasun) gizonkote heldu mardulek ez dituzte euren emozioak modu nabarmenean erakusten jende aurrean, ez gure gizartean behintzat. 

Bi galdera sortzen zaizkit orduan: zer dauka futbolak gainezkako sentimenduak eragiteko gai dena pertsonengan, eta zer dela eta gizon horiek ez daukate pudorerik sentimenduak nabarmen adierazteko futbola tartean, eta ostera ez bizitzako beste alderdi askotan? 

Galdera horietarako erantzunik topatu ez izanak gutxiengoan jartzen nau, badakit. Baina ikasi dut: ezin da gehiengoaren aurka egin, baina hala ere minorian bizitza asko dago. Eta emozio ugari sortzerik eta adierazterik. Nahiz eta praketan txiza egin ez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak