1.- Kutxabank sozietate anonimo bat da, baina bere akzioen %100 Aurrezki-Kutxen esku dago (eta hauek kontrol publikoaren pean daude). Mario Fernandezek bere asmoa iragarri zuen: bost urteko epean Kutxek kapitalaren %30 baino ez izatea, eta gainerako %70 kapital pribatuaren eskutan jartzea. Hau pribatizazio prozesu nabarmena da. Mario Fernandezek ez du bere hitzetan atzera egin, nahiz orain esan etorkizunean zer gertatuko den ez dela gauza jakina. Hauxe da, hain zuzen, funtsezko puntua, eta orain ez du horri buruz erantzuten: Nor izango da Kutxabanken titularra, nork kontrolatuko du, botere politikoak ala kapital pribatuak?
2. Kutxak Banku Fundazio bihurtzea aurrerantzean erabakiak erakunde berrien Patronatuan har daitezen, eta ez Kutxen Batzarretan, Kutxabank botere publikotik at uzteko saioa da. Agerikoa da La Caixan gertatu den bezalaxe patronatuaren kontrol ahalmena pertsona, erakunde eta enpresa pribatuei eman nahi zaiela, gero Kutxabanken kapital pribatua sartzeko erabakia hartzeko.
3- Taxuzko sistema demokratiko batean sindikatuek eta erakunde sozialek herritarrak defenditu behar dituzte beren eskubideak urratzen direnean eta iruzur politikoak egin nahi dizkietenean, hain sarri gertatu ohi den moduan. Beren planekin bat ez gatozenoi hitza kendu nahi digute. Ez dute berdin jokatzen babesa ematen dieten sindikatu eta patronalekin.
4- Fernandez eta bere tankerako pertsonak dira Kutxak eta Kutxabank arriskuan jartzen dituztenak, Kutxak desagerrarazteko bidean jarri baitituzte. Batzuk desagertu egingo dira, eta Bankua, bide honi jarraituz gero, beste banku multinazionalen batek irentsiko du.
5. Kutxabanken pribatizazioa geldiarazteko ekainaren 21eko manifestazioan parte hartzera berriro deitzen dugu. Kapitalaren %100ak Aurrezki Kutxen esku jarraitzea nahi dugu, eta erakundeko zuzendaritzari, administrazioei eta alderdi politikoei eskatzen diegu konpromiso hori har dezatela. Lortu egingo dugu