"ZUBI BAT EUSKARATIK" HITZALDI ZIKLOA.

BIZIKIDETZA HIZKUNTZETATIK ERAIKIZ.

Gaur eskaintzen dugun hitzaldi hau, Topaguneak antolatutako “ZUBI BAT EUSKARATIK” hitzaldi zikloaren baitan kokatzen da eta, gainera, berau izango da hitzaldi ziklo hau itxiko duena. Hitzaldi ziklo honen hari nagusia BIZIKIDETZA HIZKUNTZETATIK ERAIKIZ planteamendua da.

Bizikidetza hori eraikitzeko, gure herrian bizi dugun aniztasuna aitortzea eta indar-gune bezala ulertzea ezinbestekoa da.

Gure herria eleanitza da eta hori onartzetik, elkarbizitza positibo bat eraikitzeko jauzia egin gura izan genuen duela 10 urte, Topaguneak sortutako AUZOKO programa Arrasatera ekarriz.

Auzoko euskaratik urrun eta euskaratik gertu bizi diren pertsonen arteko elkarbizitzarako gune izateko sortu da. Herriko kultura eta hizkuntza aniztasuna balioan jarriz, elkar ezagutza sustatuz eta bi noranzko harrera egiten saiatuz. Hau da, euskaratik gertu bizi garenok euskarara eta euskal mundurako harrera egiten diegu etorri berriei eta euskaratik urrun bizi direnek, beraien hizkuntza, kultura eta ohituretan murgiltzeko gonbita luzatzen digute. Finean, elkarren aitortza oinarri, elkar ezagutzarako eta kultura trukerako zubia dugu Auzoko eta euskara baliatuko dugun tresna.

Auzoko egitasmoa 8 herri ezberdinetan dago martxan, besteak beste Aretxabaleta, Oñati, Eskoriatza, Soraluze, Ibarra, Gasteiz, Donostia eta Arrasaten, baina beti eta leku guztietan arazo berberarekin topatzen gara, euskaratik hurbil bizi direnen parte hartze eskasiarekin.

Horratx hitzaldi ziklo hau antolatzeko abiapuntua eta arrazoia: Auzokon parte hartzaile izan zaitezketen euskal hiztunak gaiaren inguruan sentsibilizatzea, hizkuntza eta kultura aniztasuna aitortzea eta berau balioan jartzea eta nola ez, euskararen transmisioan, euskaltzale eta euskal hiztunok jokatzen dugun paperaz ezinbestez ohartzea.

Gaur, gurean hizlari, Amaia Nausia Pimoulier izango dugu, Historian doktorea eta, egun, Eusko Ikaskuntzako proiektu arduraduna. Aniztasunaren kudeaketa demokratikora hurbilduko gaitu, Nafarroan, euskararen kudeaketarako, erabiltzen diren estrategiak eredu hartuta.

Beraz, euskaltzale eta euskal hiztun moduan zure ekarpena egin nahi baduzu, zatoz gaur arratsaldean, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelara.
Esku zabalik gaituzu dituzun ekarpen eta proposamenak entzun eta jasotzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak