Izena eta izana

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2018ko mar. 9a, 08:24

Kalean, parkean, dendetan... "guapo" eta "rubio" esan ohi diote nire alabari. Ez noizean behin, ez. Ia egunero. Normalean, ez diet kontrakorik esaten, ez baitaukat bere genero identitatea indartzeko interesik. Hala ere, berbetan jarraitu eta neska dela konturatzen badira, gehienek barkamena eskatzen dute eta "ez dauka-eta belarritakorik" botatzen didate. Zenbaitek azalpenak eskatzen dizkidate; nolatan ez dizkiogu, ba, zulotxoak egin?

Azkenaldian, alabak berak erantzuten die neska dela. Bi urte eta erdirekin badaki hori. Baita neskek ile luzea izan behar dutela eta pitxiak erabili. Nola liteke? Guk ez diogu halakorik esan. Baina bestela jaso dituen inputek hala erakutsi diote. Estereotipoek eta genero-rolek hor diraute. Neskak beren burua apaintzera eramaten dituztenak, ia ezinezkoak diren edertasun kanonak inposatuz. Eta mutilak ausartak izatera, ahultasunik ez erakustera eta sentimenduak eustera.

Umeei beste aukera eta eredu batzuk transmititzen saiatu arren, denok errepikatzen dugu gustuko ez dugun jarreraren bat, sarri zeharo kontziente izan gabe.

Duela gutxi, buruko karga kontzeptuarekin topo egin nuen eta erabat argigarria iruditu zitzaidan. Artikuluaren izenburua benetan iradokitzailea zen: Mujer, habérmelo pedido y te habría ayudado. Horra hor nik sentitzen eta bizitzen nuena eta izendatzen ez nekiena! Eta, nik bezala, emakumeon gehiengoak.

Ai, gauzei izena jartzearen eta aditzera ematearen garrantzia! Beste hitz eta kontzeptu asko bezala: heteropatriarkatua, mikromatxismoa, indarkeria obstetrikoa, mansplaining-a, eta abar.

Betidanik hor egon diren baina inoiz izenik jarri ez diegun gertaerak, jarrerak eta egoerak aintzat hartzea, erakustea eta hausnartzea ezinbestekoa da gizartea eraldatzeko. Eta horretan dihardu mugimendu feministak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak