Elkarrizketa bukatuta, ondorengo debatean geratzera gonbidatu zuten. Gogo handirik gabe, baina baiezkoa eman zuen.
Zergatik gogo falta hori? Solaskide egunero tertuliano lanetan ari diren zenbait lagun zituelako, gehienak gizonezkoak. Parean jartzen dieten edozein gairi buruz iritzi sendoak dituzten ahoberoak. Egia absolutuen jabe, ez dutenak dudarik egiten eta, gainera, besteak makurraraztea bilatzen dutenak.
Ulertzekoa, beraz, gogo falta. Ulertzekoa, baita, baiezkoa ematea. Beti haiek badira beren iritziak lau haizetara zabaltzen dituztenak, ez daukagulako beste ahots batzuk entzuteko aukerarik.
Elisendak baietz esan zuen, betebehar hori sentitu zuelako. Kazetaritza beste era batera ulertzen duelako.
Emakumeek komunikabideetan ordezkaritza handiagoa izan behar dutela sinesten duelako.
Seguruenetik, bere aurretik emakume askok esan dute ezetz. Beren buruagan konfiantza faltagatik, akaso.
Argitaratu berri den ikerketa batek dio 15 urteko neskek zientzia eta teknologia arloetan beren burua gutxiesteko joera dutela, mutilek beren maila benetan dena baino hobea dela uste duten bitartean. Estereotipoengatik eta aurreiritziengatik omen da. Baita arlo horietan eredu hartzeko emakume gutxi ezagutzen ditugulako.
Norberagan konfiantza falta hori nerabezarotik harago ailegatzen da. Ospe handiko zenbait emakumek onartu dute iruzurtiaren sindromea daukatela. Hau da, uste dute beren lorpenak zortea lagun izan dutelako eskuratu dituztela. Eurak berez ez direla hain onak konbentzituta, jendea noiz konturatuko ote den zain daude.
Konfiantza falta, alegia.
Ez gaitezen gure buruari jarritako tranparen preso izan. Eman dezagun gure iritzia, gure erara, eta izan gaitezen eredu 15 urteko neska horiendako.