2013an Kataluniako telebista El foraster programa ematen hasi zen. Aurkezleak, Quim Masferrerrek, mila biztanle baino gutxiagoko herri bat bisitatzen du eta 48 orduan bertako jendearekin berriketan egiten du, eta egonaldia monologo batekin bukatu. Urte eta erdian 15.000 kilometro egin ditu bere pick-up laranjarekin, eta 20 bat herri bisitatu.
Bidelagun ugari izan ditu pantailaren bestaldean. Tartean ni neu. Kapitulu bat bera ere ez dut galdu. Eta lehena bukatu orduko Euskal Herrira guztiz esportagarria zela seguru nengoen. Hala, gustura entzun nuen ETB1ek antzerako saioa egingo zuela. Programaren izenak, baina, harritu egin ninduen: Herri txiki, infernu handi. Errespetuz eta maitasunez tratatzen ditu herriak eta herritarrak El foraster-ek, eta euskal izenburuak kontrakoa iradokitzen zuen.
Joan zen aste bukaeran Antzuolan izan nintzen eta domekan esaera zaharraren alde edo kontra egingo zuen jakin-minarekin eseri nintzen telebista aurrean. Bi kapitulu eman zituzten, eta, zatika bakarrik ikusi ahal izan nituen arren, etxean El conquis-en jarraitzaile amorratua daukagu-eta, lasai geratu nintzen. Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak, Quim Masferrerrek bezala, umore eta errespetu dosia ondo kalkulatzen dutela iruditu zitzaidan. Bestalde, bertsoak gehitzeak nortasun propioa ematen dio saioari.
Urtarrilean hirugarren denboraldia hasi zuen El foraster-ek. Katalunian mila biztanle baino gutxiagoko bostehun bat herri daude; beraz, kilometro asko egiteko aukera dauka oraindik Quimek. Mikelek, Zuhaitzek eta Sebastianek ere haren bidea jarraitzeko aukera izatea espero dut!