Taslima Akhter argazkilariak Rana Plaza eraikinaren hondakinen artean ateratako argazkia zen. Bikote horrez gain, beste 1.136 pertsonak galdu zuten bizia istripu hartan eta 2.000 lagun baino gehiago zauritu ziren.
Rana Plaza Bangladeshko Dhaka hiriburutik gertu zegoen eta bederatzi solairu eta bost ehungintza fabrika zituen bere baitan. 3.122 lagun ari ziren bertan lanean, gehienak emakumeak, eraikina behera erori zenean. 2013ko apirilaren 24a zen.
Hurrengo egunetan, komunikabideak ehungintza sektoreko langileen lan baldintza negargarriei buruz eta multinazionalen erantzukizunaz aritu ziren. Laster ahaztu zituzten, baina.
Orain, Arropa garbia kanpainak ezbehar hura denon ahotara ekarri nahi du berriro, mundu mailako arropa markek beren ardura onartu dezaten. Pay up! (Ordaindu!) ekimenarekin Benetton, Carrefour eta Primark bezalako enpresei presioa egin nahi die, hildakoen familiek eta zaurituek kalte-ordainak jaso ahal izateko ekarpen ekonomikoak egin ditzaten.
Hedabideetan ez agertu arren, Bangladeshen, Indian, Pakistanen eta Kanbodian, besteak beste, hutsaren truke 12 eta 14 orduko lanaldiak egiten jarraitzen dute milaka pertsonak. Egunero aurre egin behar izaten diote errealitate honi: lan baldintza eskasak, sindikatuetan antolatzeko zailtasunak eta oinarrizko beharrak asetzeko nahikoa ez diren soldatak. Horixe da kamisetak 5 eurotan erostearen benetako prezioa.
Ez da erraza giza eskubideen urraketa honen konplize ez izatea; hala ere, badira kontsumo arduratsuagoa egiteko eman ditzakegun zenbait pauso. Esaterako, arropa "erabili eta botatzekoa" dela pentsatzeari laga eta hobeto aprobetxatzea, edo Pay up! bezalako ekimenetan parte hartzea. Animatzen?