Lehen begiratuan, dutxatzerakoan askoz ur gehiago erabiltzen dugula dirudi; izan ere, minutuko 15 eta 25 litro bitartean gastatzen ditugu. Baina jaten dugunean edo janzten garenean ere ura kontsumitzen dihardugu. Ez naiz barazkiak garbitzeko eta egosteko erabiltzen dugun urari buruz ari, jakiak eta jantziak ekoizteko behar denaz baizik.
Jatordu baterako guk uste baino askoz ur gehiago gastatzen dugu. Esaterako, 2.400 litro ur behar dira hanburgesa bat ekoizteko eta 200 litro baso bat esne lortzeko. Kotoizko kamiseta bat egiteko, 4.000 litrotik gora.
Hanburgesa jaterakoan ez dugu 2.400 litro horien aztarnarik sumatzen, baina kalkulu horrek kontuan hartzen ditu abeltzaintza eta laborantza, eraldaketa, garraioa eta produktu bakoitzaren elaborazioa. Hala, ur birtuala kontzeptua sortu dute. Kontsumitutako produktuen ur birtualaren kopuru osoari, aldiz, aztarna hidrikoa esaten zaio.
Horrela, pertsona baten edo gizarte baten aztarna hidrikoa kalkulatzeko aukera dago. Estatu espainiarrean, esaterako, pertsonako 2.325 metro kubikokoa da eta horren %36 kanpoan sortutakoa da; hau da, beste herrialde batzuetatik ekarritako produktuak ekoizten erabilitakoa. Gezurra badirudi ere, gutako bakoitzak 2.740 litro ur xahutzen ditu egunean.
Ez da erraza gure aztarna hidrikoa txikiagotzea, argi baitago hortzak garbitzerakoan iturria ixtea ez dela nahikoa. Batzuek, adibidez, begetariano izatea erabaki dute, haragia ekoizteak barazkiak hazteak baino askoz ur gehiago kontsumitzen duelako. Beste era bateko aldaketak ere beharrezkoak dira, sistema ekonomikoan, esaterako.
Debagoienean ura besterik ez daukagunean aztarna hidrikoaz aritzeak tontakeria dirudi, baina etorkizuneko gatazkak uraren ingurukoak izango direla diote, edateko ura gero eta eskasagoa baita munduan.