Aldiz, egoera onean dagoen janari ugarik zaborrontzian bukatzen du. Eta ugari ez dira kilo batzuk, milioika tona baizik. Inkoherentzia galanta, drama makabroa edo txanpon beraren bi aurpegiak, akaso?
Urtean 4.000 milioi tona janari ekoizten omen dira, baina 1.200 eta 2.000 milio tona artean ez dira inoiz gure sabelera iristen.
Ez naiz kapaz janari hori dena imajinatu ere egiteko. Are gutxiago, hainbeste elikagaik zein bazterretan edo zulotan (zulo beltza beharko du izan) amaitu dezakeen irudikatzeko.
Gai honetan adituak direnek (gai guztietan bezala, honetan ere badira adituak) ortuan, supermerkatuetan, jatetxeetan zein etxean guk uste baino janari askoz gehiago alferrik galtzen dela diote. Nekazariek, esaterako, uzta jaso gabe lagatzen dute batzuetan, salneurriek behera egin eta merkeago zaielako barazkiak edo fruta bertan behera uztea, batu eta saltzea baino. Supermerkatuetan saldu dezaketen baino askoz produktu gehiago izaten dute, apalak beteta ikus daitezen. Jatetxeek eta kontsumitzaileek behar duten baino janari gehiago erosten dute, aurreikuspen faltagatik edo deskontuek eta 2x1 bezalako aukerek erakarrita. Etxeetan ogia, fruta eta esnea dira zaborrontzian amaitzen duten elikagai nagusiak.
Bestalde, estetikari geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaion gizarte honetan, elikagaiak ez dira salbuespena. Hauek ere 90-60-90 patroia betetzen ez badute, ez dira saltzeko egokitzat jotzen. Hala, jateko inongo arazorik ez duten jakiak alferrik galtzen lagatzen dira, edertasun lehiaketan porrot egin dutelako.
Honen harira, eta bukatzeko, Esther Vivas-en hitzak erabiliko ditut: elikagaien eginkizun nagusia, elikatzea, bigarren mailan geratu da eta hauek salerosketarako merkantzia bihurtu dira.