Lehenengoa, aireportua eraiki eta urte eta lau hilabete pasa ondoren. Uda izanik, Alemaniako edo Erresuma Batuko Mediterraneo gose diren turista tropelak eraman zitzakeen, baina ez da hala. Castelloko aireportuan lur hartu duen lehen hegazkina ez da benetakoa; eskultura baten parte da.
Artelanak 24 metroko altuera, 18 metroko zabalera eta 33 tonako pisua dauzka eta gain-gainean daraman pieza da hegazkina. Garabi baten laguntzaz kokatu zuten bere lekuan, pasa den astean.
Aireportu honen zentzugabekerien zerrendari beste bat gehitu behar zaio, beraz: 150 milioi kostatako azpiegitura gaizki eraikia eta estreinatu gabea, urtean 84 mila euro kobratzen dituen zuzendaria eta orain aireportua kudeatzen duen enpresa publikoak ordaindu duen 300.000 euroko eskultura.
Francisco Campsek eta Castelloko Diputazioko buru zen Carlos Fabrak inauguratu zuten aireportua 2011ko martxoan. Lehenak XIX. mendean egin zen portuaren inaugurazioarekin eta XX. mendeko unibertsitatearenarekin alderatu zuen gertaera eta bigarrenak bilobei galdetu zien: "Gustuko duzue aitonaren aireportua?".
Itxura denez, aitonak bere arrastoa laga nahi du. Izan ere, Carlos Fabra inspirazio hartuta egindakoa eta hari eskainitakoa da L'home avió (Gizon hegazkina) artelana. Hala adierazi zuen Juan Ripolles eskultoreak duela hilabete batzuk, orain kontrakoa dioen arren. Fabraz ari naizenez, ezin ahaztu nezake haren alaba, Andrea Fabra. Duela egun batzuk arte ez nuen ezagutzen eta nahiago nuke ezagutuko ez banu, baina, hark ere, aitak bezala, bere arrastoa utzi nahi izan digu langabe guztiei bihotz-bihotzez egin dien eskaintzarekin.
Zorionez, Valentzian bada hauek baino pertsona zentzudunagorik eta zenbait, Compromis alderdi politikoko kideak esaterako, hasiak dira Camps, Fabra eta antzekoei kontuak eskatzen.