"Ez gara konplizeak"

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2012ko mai. 18a, 02:00

Mary Poppins filmean protagonistak zaintzen zituen...

... umeen aitak banku batean lan egiten zuen. Mutikoak hasitako protesta baten ondorioz, bezero guztiak bankutik dirua erretiratzen hasten ziren, haren porrota eraginez. 

Bankiaren kontua dela eta etorri zait burura eszena hau. Egun, bankuak eta kutxak blindaturik daudela dirudi. Kudeaketa txarra eginez gero, fusionatu egingo dira edo gobernuak erreskatatuko ditu, baina inoiz ez dira pikutara joango. Hipoteka ordaindu ezin duen jendea, aldiz, etxe gabe eta zorrekin geratuko da.

Aspaldian gobernuz kanpoko zenbait erakundek bankuen hainbat jarduera salatzeko kanpainak jarri dituzte martxan. Horietako baten leloak Bezeroak gara, ez konplizeak dio. Benetan egokia iruditzen zait. Gure diruak gordetzeko aukera ona izan daiteke banketxe bat, baina horrek ez du esan nahi diru horrekin nahi duena egiteko lizentzia daukanik. Edo ez luke, behintzat, hala izan beharko.

Banku eta kutxa askok armak ekoizten dituzten lantegietan inbertitzen dute bezeroen dirua, edo giza eskubideak urratzen dituzten proiektuetan. Hala azaltzen du lehen aipatutako ekimen edo kanpaina horietako batek, Banca Armada (www.bancaarmada.org) deritzonak. Web orrian armamentuan inbertitzen duten bankuen zerrenda eskaintzen du. Begira ezazue, ustekaberen bat ere izan daiteke eta!

Ohiko bankuen aurrean, "banku etikoa" daukagu alternatiba gisa. Gizartean eragin onuragarria daukaten ekintza ekonomikoak finantzatzen ditu banku etikoak. Euskal Herrian Fiare eta Triodos Bank dauzkagu, baina Bilbon dituzte egoitzak.

Aldaketa handiak behar diren garai honetan, banku etikora salto egitea edo ohiko banketxeei euron jardueren gaineko kontuak eskatzea pauso txikiak dira. Hala ere, ziur nago aldaketa txikiek, bata besteari gehituta, ondorio nabarmenak izan ditzaketela. Laga diezaiogun, bada, konplize izateari!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak