... familiari edo lagunei "Zerbait daukagu zuei esateko" bota eta gero, ohiko "ezkondu egingo gara" edo "umea izango dugu" horien ordez "Alemaniara goaz lanera" edo antzerako zerbait esaten dute. Alemaniara, Txinara, Estatu Batuetara... gustuko duten horretan lan egin ahal izango duten herrialde batera, behintzat.
Askok denboraldi baterako dela esango dute, Erasmus beka batekin joatea bezala edo ingelesa hobetzeko asmoarekin hilabete batzuk kanpoan pasatzea bezala. Baina atzerrian ondo ordaindutako eta euron ikasketa mailarekin bat datorren lana topatuz gero, bueltatuko ote dira etxera? Oporretan, akaso!
Denboraldi bat kanpoan igarotzea benetan aberasgarria da. Denboraldi hori urteetan luzatzen bada, baina, aditu-ihesa dela esan dezakegu.
Aditu-ihes hori bultzatzeko edo, Espainiako gobernuak zientzia eta teknologia alorreko ikerketara 600 milioi euro gutxiago bideratuko ditu aurten. Erabaki horren aurrean, 250.000 pertsonak baino gehiagok ondorengo proposamenari babesa eskaini diote Internet bidez: errenta aitorpenean zergen %0'7 ikerketara zuzentzeko aukera eskatzen dute. Zientziaren alorrean ikertzaile izan nahi duten gazteak dira murrizketek gehien kaltetutako taldeetako bat. Eta baita ikertzen jarraitu ahal izateko Austriarako, Holandarako edo Alemaniarako bidea hartu dutenak ere.
Kanpora doazen gazte horien ikasketetan inbertitutako diruak eta euron talentua Europako eta mundu zabaleko enpresek, erakundeek edo unibertsitateek aprobetxatuko dituzte.
Urteetan askoren ardura immigrazioa izan bada ere, orain estatistikek bestelako datuak luzatzen dizkigute. Azken urteetan ez bezala, 2011n estatuko migrazio-mugimendua negatiboa izan da. Egoera berrira egokitzekotan, jendeari ateak ixteko neurriak bultzatu beharrean, gazteendako lan aukera duinak eskaintzeko modua bilatu beharko litzateke.