... eta hartan pentsatzean gogora datorkidan lehena trajeak eta gorbatak dira. Administrazioetako eta federazioetako ordezkariak, gizonak (asko) eta emakumeak (batzuk) Enpresen Gizarte Erantzukizunari buruz hizketan.
Boluntariotza jarrera bat dela zioten, izateko modu bat. Altruismoa, elkartasuna, beharra duenarekin denbora pasatzea, zailtasunak dituenari bizitza errazago egitea... dira boluntariotzaren oinarriak. Biltzar hartako hizlariek, baina, ez zidaten halakorik transmititu.
Ordainean dirurik jaso gabe, ingurukoei laguntzeko eta gizartea hobetzeko lanean dihardutenak ez ziren han. Horrek ez du esan nahi, baina, halako jenderik ez dagoenik, ezta gutxiago ere.
Europako hiritarren %25ek egiten omen dituzte borondatezko lanak. Milioika lagunek, orduan. Batzuek ingurunea eta animaliak babesten dituzte, beste batzuek pertsona nagusiei lagun egiten diete, zenbaitek elkartasun taldeetan parte-hartzen dute, eta boluntariotza Internet bidez egiten dutenak ere badira.
2011 boluntariotzaren urtea izan da Europan. Gizartearen laurden horrek egiten duen lana azpimarratu nahi izan du Europar Batasunak, nork bere esperientzia kontatzeko aukera eskainiz. Aldi berean, hiritarren beste hiru laurdenak animatu nahi izan ditu boluntario lanak egitera.
Ez dakit 2011n zehar balantza orekatzea lortu ote duten. Agian, laurdenetik herenera pasa da boluntarioen taldea. Nork daki! Hala ere, lan hori aintzat hartzeak eta ezagutzera emateak bere garrantzia dauka. Horretan lagundu badu, merezi izan du!
Gaur, abenduak 5, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da eta ziurrenik zenbait ekitaldi egingo dira horren inguruan. Traje eta gorbatadunak hor izango dira, nola ez, baina benetako protagonistei ere tartea egitea espero dut!