Gizonezkoek eta garaileek idatzi dute Historia maiuskulaz. Bada, baina, letra xehez idatzitako historia, duela gutxi arte xuxurla bakarrik izan dena eta orain gorputza hartzen ari dena.
Ez dut Izarren argia filma ikusi, baina harekin argitaratu zuten No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos (Ez negarrik egin, egin behar duzuena gu ez ahaztea da) liburua irakurri dut duela gutxi. Saturrarango kartzelan umeak, gaztaroa eta inozentzia galdu zituzten emakumeen testigantzak jasotzeaz gain, Bigarren Mundu gerran, Espainiako Gerra Zibilean eta faxismoa gailendu zen herrialdeetan emakumeek jaso zuten tratua ere azaltzen du.
Liburuak begi-bistan lagatzen du emakumeek elkartasunean oinarritu zituztela euren ekintzak, herrialde baten zein bestean, kartzelan, kontzentrazio esparruetan, auzoetan eta herrietan. Logika militar eta sexistaren aurrean, elkartasuna, bizikidetasuna eta elkarrizketa aldarrikatu zituzten. Baina historiako liburuek ez diote lekurik egin minuskulaz idatzitako beste historia horri.
Nobel sariek ere zor historikoa daukate emakumeekin eta, badirudi, behingoan kitatu nahi izan dutela, baten faltan hiru emakume sarituz: Ellen Johnson-Sirleaf, Liberiako presidentea; Leymah Gbowee, ekintzaile liberiarra; eta Tawakkul Karman, Yemengo ekintzailea.
1901ean sortu zuten Bakearen Nobel saria eta orain arte 77 gizonezko eta 12 emakumezko saritu dituzte. Bat-batean hiru emakumeren lana azpimarratzeak bere garrantzia dauka. Hala ere, kontuz interpretazioekin! Saria hirurentzako izateak ez du esan nahi bakoitzak herena bakarrik merezi duenik. Ondo merezia dute, bai haiek eta baita bakea eraikitzen eta gizarte justuagoa lortzeko lan egin duten eta lanean diharduten beste emakume askok eta askok ere!