"Hiru graduak"

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2011ko ira. 7a, 02:00

Lerro hauekin zuen burua zaintzeko, solidario izateko edo zuen ideiekin kontsekuente izateko gonbita egin nahi dizuet.

Ez iraila delako, opor osteko asmo onen garaia. Ez. Hori baino arrazoi potoloago batekin nator.

Pasa den asteko Redes programan sare sozialei buruz aritu ziren. James Fowler, Kaliforniako Unibertsitateko sare sozialetan aditua, elkarrizketatu zuten eta Hiru graduen teoria azaldu zuen. Teoria sinplea da, baina niri sekulako aurkikuntza iruditu zitzaidan.

Orain arte Sei graduen teoria ezagutzen nuen. Munduko edozein gizaki beste batekin konektatzeko sei laguneko kate bat nahikoa dela dioena, alegia. Hiru graduena, aldiz, ez da konexioez bakarrik mintzo. Horri besteengan eragina izateko daukagun gaitasuna gehitzen dio. Hau da, gure jarrerek eta ekintzek milaka pertsonaren portaeran eragin dezaketela dio. Ez bakarrik gertuko pertsonengan, baizik gure lagunen lagunengan eta baita haien lagunengan ere. Hor hiru graduak.

Hala, loditzen bagara edo triste bagaude beste pertsona batzuetan gauza bera eragin dezakegula dio. Horri buelta eman eta alderantziz begiratuta, erretzeari uzten badiogu edo baikorrak bagara eragin positiboa izan genezake ingurukoengan eta baita horren gertuko ez ditugun pertsonengan. Gainera, irribarrea tristura baino samurrago transmititzen dela diote, hortaz, errazagoa da baikortasuna "kutsatzea", tristura eragitea baino.

Beraz, guk denok aldaketa positiboa eragiteko gaitasuna daukagu. Gure esku dago, betiko patroiak jarraitu beharrean, gauzak hobetzeko pausoak ematea.

Hala, ezin dugu pentsatu bidegabekerien kontra protesta egitea, herri mailan inplikatzea, gobernuz kanpoko erakunde bati laguntza ematea edo ingurumena zaintzea alferreko lanak direnik. Saiatzea merezi du, beste batzuk bide bera hartzera animatuko ditugu eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak