... Europan zehar egindako bidaia zein izan den zehatz-mehatz jakitea. Helburua: zenbait hildako eragin dituen infekzioaren jatorria ezagutzea.
Sarri janariak munduari bira erdia eman dio gure mahaira ailegatu aurretik. Hala, supermerkatuan urte osoan izango ditugu jakizu nondik ekarritako kalabazinak eta tomateak. Aitaitaren edo amamaren ortuan egun edo aste batzuetan bakarrik ikusiko ditugu, aldiz.
Joera horren kontra, azkenaldian zenbait kontsumo talde sortu dituzte Debagoienean. Benetan albiste ona iruditzen zait! Taldeko kideek garaiko barazki eta fruituz osatutako saskia jasotzen dute astero eta erlazio zuzena daukate baserritarrekin, bitartekari barik.
Akordio ezin hobea da: baserritarrak badaki astero erosleak izango dituela eta ekoizpena planifikatu ahalko du. Kontsumo taldekoek bertako produktuak jango dituzte, eta garaian garaikoak.
Taldeotan askotariko jendea elkartzen da. Kide batzuen ardurarik handiena bertako baserritarrei babesa ematea da; beste batzuek, berriz, jaten duten hori ekologikoa izatea jartzen dute aurretik; zenbaitek supermerkatu kateen boterea salatu nahi dute eta sistema horretatik at baserritarrekin erlazio zuzena bilatzen dute.
Motibazio horiek guztiak elkartuta, beste zenbait ekimen bultzatzeko plataforma ere izan daitezke kontsumo taldeak. Beste era batera kontsumitu nahi badugu, nekez konformatuko gara barazki eta fruta erosteko modua aldatzearekin. Haratago joan nahiko dugu! Truke azokak, hitzaldiak, mendi bueltak, zineforumak edo beste zenbait ekintza antola ditzakegu.
Duela hiru aste Antzuolan hitzaldia egin zuten kontsumo taldeak zer diren azaltzeko eta talde bat sortzen laguntzeko asmoz. Herrian Pikunieta eta Lapatza bezalako ekoizle ekologikoak izanda, taldea osatzeko jendea besterik ez da falta. Zein animatzen da?