Eneida Iturbe: "Gizartea protagonista"

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2011ko ots. 15a, 01:00

Artikulu hau idazten nuen bitartean Hosni Mubarakek boterean jarraitzen zuen Egipton.

Kairoko Tahrir plazan, baina, milaka egiptoarrek haren dimisioa eskatzen zuten.

Badirudi Tunisian, Egipton, Jordanian... kontzientzia berri bat pizten ari dela. Gizarteak bat egin du urtetako bidegabekeriei eta inposaketei aurre egiteko. Milaka gizabanakoren gogoak elkartu eta gogo indartsu eta kolektiboa sortu dute, mugak gainditzen dituena eta askatasuna bilatzen duena.

Diktadura ororen armetako bat adierazpen askatasuna mugatzea da. Nola ez, azken egunetako protestak isiltzen saiatu dira, tartean, herritarrak Internet gabe lagata. Baina sare sozialek, Interneteko enpresek eta, batez ere, erabiltzaileek bat egin dute egiptoarren ahotsa sarean hedatu ahal izateko.

Bereziki hunkitu naute Interneten zabaldutako bideo batean gizonezko bati entzundako hitzek: "Askatasunerako gobernu eta gizarte berriak nahi ditugu, ez bakarrik Egipton, eskualde guztietan baizik. Gure seme-alabek amets egin dezaten itxaron beharrean, gure ametsak egia bihurtzen ari gara".

Eneko marrazkilariak ere oso ondo islatu du herriaren borondatearen indarra 20 minutos egunkarirako egin duen marrazkian: pelikula baten kartela balitz bezala, gizartea erakusten du protagonista eta politikariak filmeko estra gisa. Hemendik aurrerakoan ere, gizarte demokratiko eta askea sortzeko bidean, protagonismoa herriak mantentzea espero dut.

Otsailaren 6tik 11ra Munduko Foro Soziala ospatu da Afrikako beste hiri batean: Dakarren (Senegal). Ez du duela hamar urte Porto Alegreko lehen foroak izandako oihartzunik lortu; hala ere, milaka gizon eta emakumek, ehunka elkarte, sare, mugimendu eta sindikatuk mundu hobea amestu dute, Egiptoko milaka herritarrek bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak