Erabakiak noren esku?

Erabiltzailearen aurpegia Eneida Iturbe 2010ko abe. 17a, 08:45

Irabazi asmorik gabeko erakunde batean lan egiten dut duela urte batzuetatik.

Zenbait pertsonaren bizi baldintzak zertxobait hobetzen laguntzen dugula sinesten dut eta horrek gure lanari zentzua ematen dio. 21 lankide gara, 8 gizonezkoak eta 13 emakumezkoak. Gutako lauk koordinatzaile lanak egiten dituzte eta laurak emakumeak dira. Leitu berri dudan artikulu batek zer pentsatua eman dit, ondorengoa azaltzen baitu: erakunde askotan pentsaezina dela emakumeek hainbesteko pisua izatea arduradun postuetan.

Artikuluak aipatzen duen ikerketa baten arabera, hirugarren sektoreko langile eta boluntarioen artean hirutik bi emakumeak dira, asko gazteak eta prestakuntza handikoak. Arduradun postuetan, aldiz, estatistikek buelta hartzen dute eta zuzendarien %30 bakarrik dira emakumeak.

Emakumeok, hortaz, presentzia bai baina pisurik ez daukagu gobernuz kanpoko erakundeetan eta bestelako elkarteetan. Beste zenbait alorretan ere hala dela pentsatuko duzue askok, baina mundu hobe bat eraikitzeko lan egiten duten erakundeetan ere erabaki gehienak gizonezkoen esku egoteak kezkatu egiten nau.

Salbuespena emakume elkarteak dira, noski. Azken hilabetean horiei zuzendutako ikastaro bateko irakasle izan naiz. Ikastaroa Internet bidez egin dugu. Askok zailtasunak izan dituzte ordenagailuaren eta sarearen funtzionamendura ohitzeko, trebakuntza faltagatik. Hala ere, gehienek aurrera egitea lortu dute. Esfortzua eta gogoa beldur eta zailtasunak baino gehiago izan dira.

Ikasteko eta esperientziak konpartitzeko gogoarekin hasi zuten ikastaroa eta bukaerako balorazioan denek gauza bera azpimarratu dute: oso aberasgarria izan dela eta besteengandik asko ikasi eta jaso dutela.
Erakunde zein enpresek asko daukate ikasteko emakumeen lan egiteko modutik. Hauen jakintzak eta gaitasunak hobeto ezagutu eta aprobetxatu beharko lituzkete!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak