Une honetan, denok txundituta, hitzik gabe, utzi gaituen Ukrainako Errusiaren sarraski basati eta krudelak hartu dio lekua. Europan ez da honelako egoera larririk ezagutu Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik. Baina, bitartean, egoera larri hauek ez dituzte baztertu beste gai interesgarri batzuk. Hauen artean, publikoaren aldeko iritziak sarri agertzen dira euskal hedabideetan. Batzuek, gainera, denak publikoa izan behar duela, hau da, sistema komunista defenditzen dute.
Sistema hau ezarri zen tokietan, ez zaie ondo joan. Dena agintarien esku uzteak diktadurak sortu ditu, eta ekonomiak ere ez du ondo funtzionatu. Funtzionarioak ugaritzera darama, eta asko dira gizarteak funtzionarioak baino gehiago enpresa sortzaileak behar dituela pentsatzen dutenak. Ideia hau defenditzen zuen, besteak beste, Arturo Uslar Pietri venezuelar politiko ospetsuak. Gizartean, publiko eta pribaturen arteko konplexutasunak eztabaidarako gai garrantzitsu izaten jarraituko du.