Gogo hau bere izaerari lotuta dago eta gizakiok aurrerapausoak ematen saiatzen gara, nahiz eta askotan ez dugun asmatzen eta ez ditugun gure helburuak betetzen. Geure esku dauden erabakietan ez badugu beti asmatzen, zer esan erabaki garrantzitsuenak guregan ez daudenean. Zoritxarrez, euskaldunok ohituta gaude gure asmo eta helburuak bete gabe bizitzen. Bi inperioren menpe egotearen ondorioak dira. Beraiek emandako legedi nagusia betetzera eta beraiek idatzitako historia ikastera behartzen gaituzte. Euskal Herriaren aldeko historialariek idatzitako liburuen kontakizunak ez dira irakasten, eta, honela, ez da harritzekoa gure ikasleak eta herritarrak, orokorrean, geure historian ezjakinak izatea.
Menpekotasun honen adibide dira, besteak beste, epaileek euskarari buruz hartu berri dituzten erabaki larriak, bai Irungo kasuan, bai Frantzian. Legeak beharrezkoak dira gizarteko bizitzan, baina ez dira onartuak, "kanpotik" inposatuak eta herritarren nahien kontrakoak direnean.