Mendeetan zehar, Foruei buruz etengabeko eztabaidak izan ziren Euskal Herriaren eta Espainiaren artean. Borroka horiek areagotuz joan ziren mendez mende, XIX. mendeko azken aldean galdu arte. Galera penagarri horren lekuko izan ziren, besteak beste, Oñatin ikasle izandako horiek. Mateo Moraza 1817an Gasteizen jaioa zen. Foruen aldeko lanagatik bere hirian eraiki zioten, Euskal Herri osoan egindako diru-bilketaz, Diputazio aurrean dagoen monumentua. Bere hiletari orduko hedabideek Alfonso XII.a erregearen ezkontzari baino garrantzi handiagoa eman zioten. Jose Mari Iparragirrek ere bertso-lerro batzuk eskaini zizkion. Ramon Ortiz de Zarate, Arriola herrixkan 1817an jaioa, Mateo Morazaren garaikide eta laguna zen. Arturo Campion idazle eta euskaltzale ospetsua, geroxeago, 1854an, Iruñean sortu zen.