Mundu osoan, jendea, ume, gazte, zahar, aberats, txiro, ahaltsu, ahul, jakintsu, ezjakin, denak belaunikatuta, burumakur jarri ditu bere menpe. Ez da gutxiagorako. Ez da inoiz ezagutu holakorik. Hilabete eta erdi pasa ondoren, hasierako neurri gogorrak bigundu zituztenean denok beharrezko askatasun pozgarria sentitu genuen. Batzuek gehiago, etxeen eta bakoitzaren egoeraren arabera.
Galdera asko daude airean: birus hau gainditzeak zer kostu izango duen eta etorkizunean zer-nolako ondorioak izango dituen mundu guztian. Badirudi errotutako ohitura asko aldatu beharrean izango garela, ez epe motzean bakarrik. Zeren honelako izurriteak errepikatuko omen dira, eta ez dira arazo bakarra izango. Hemen dugu, gure gain, irtenbide zailagoa izango duen klima aldaketa, nahiz eta une honetan gai hau alboratuta egon hedabideetan. Ez da baztertzen gizakiok zorigaiztoko esperientzia honetaz irakurketa egokia egitea eta giza balioen lehentasunen gai-zerrenda aldatzea.