Bizitokiaz aparte, lantokia ere bazen. Sukaldea, logelak, uztak gordetzeko ganbarak, ukuilua, oilategia, arditegia, dolarea, etab. aurki zitezkeen horietan. Sagardoaren balore ekonomiko eta kulturalak garrantzitsuak ziren, bidaiari askok aipatu zuten bezala.
Etxearen garrantziaz, Gregorio Mugika euskaltzale handiak honela adierazten zuen Argia astekarian –1922an–: "Euskaldunak benetan maite dugu gure etxea. Berri, zahar, erdieroria izan, maite izateko berdin zaigu. Han jaio ginan; gure gurasoak han etorri ziran mundura. Aurreko guztien ikutu goxo eta maitagarria du gure etxeak. Gure ondorengoen ikuttu maitagarri eta goxoa ere izango du". Bestetik, Elissanburu lapurtar olerkariak ere ederki azaltzen du aipatutakoa, Nere Etxea izeneko kantuan: "Nahiz ez dan gaztelua, maite dut nik sorlekua, aiten aitek hautatua. Etxetik kanpo zait iduritzen nonbait naizela galdua; nola han bainaiz sortua, han dut utziko mundua, galtzen ez badut zentzua".