Koronabirusa, aukera bat

Erabiltzailearen aurpegia Elena Herrarte 2020ko api. 14a, 00:00

Duela aste pare bat arte bizi genuen errealitatean, fikziozko distopiek aurkezten zizkiguten egun bizitzen ari garen motako egoerak. Ez ziren errealak, ez ziren guk biziko genituenak. Eta begira, gaur, lehen pelikula baino ez ziren horietako baten barruan bageunde bezala sentitzen gara: beldurra, ziurgabetasuna, heriotza, kaosa, kontrol polizialak etxe azpian, komunikabideak piztu eta etengabe birusaren inguruko (des)informazioa, lantegiak geldi, zein saltokitara goazen justifikatu beharra, baita udaltzainen autoko bozgorailuetatik Pirritx eta Porrotxen hit ezagunak eta animo mezu ozenak herritarroi zuzenduta…

Jakin badakigu aurrerantzean gauzak ez direla berdinak izango, horrelako esperientzia sakon eta luze batek derrigor utziko du bere oinazea: neuri, behintzat, sentipen hori sortu zait barrenean. Atzo arte arrunt zirenak bueltatuko diren zalantza egiten dut: gure gertuko harreman sozialak, gure kale ohitura kolektiboak, pertsonen artean sentitu izan dugun konfiantza, bizitzarekiko oro har izan dugun lasaitasuna, balizko segurtasun eta kontrol sentsazio kolektiboa… aurrerantzean zein forma hartuko dute sentipen horiek?

Atzera begiratuz gero, krisi edo kaos garaiek emaitza ezberdinak eman izan dituztela ikusiko dugu: positiboak batzuk, kontrakoak ere bai. Oraindik goiz da aurrerantzean zer aldatuko den esateko. Are eta gutxiago zer ikasiko dugun baieztatzeko. Ikastea, kontzeptu, balio eta jokabideetan aldaketa sakonak ematea, ez baita guztiz kontrolatu dezakegun zerbait. Ikasteak badu dimentsio pertsonal bat, gure egunerokotasunean hartuko ditugun erabakiak, ziur, parametro berrietan oinarrituko ditugu: non erosi, nola erlazionatu, zein neurri hartu bidaiatu edo lanean jarduteko. Baina bizipen kolektibo baten aurrean ere bagaude, eta esperientzia honek bere eragina izango du jendarte mailan, komunitate gisa ikasi eta aldatuko dugun horretan arlo anitzetan: politika publikoetan, lanaren antolaketan, erritual sozialetan. Eta tentuz ibiltzen ez bagara, egoera honek justizia eta askatasun pertsonal eta kolektiboan atzerapausoak ekar ditzake, beldurra bezalakorik ez baitago horrelako prozesu bat disimuluz eta zilegitasunez bultzatzeko.

Hala ere, koronabirusari esker balio positibo potenteen inguruko kontzientzia hartzen ere ari gara: zaintzaren garrantzia, jarduera erreproduktiboen zentralitatea gure ongizatean, pertsonen eta natura osatzen duten gainerako elementuen arteko interdependentzia, elkartasunaren beharrezkotasuna, lagun eta familiako kideek duten garrantzia gure egunerokotasunean, lanean maiz egin izan ditugun alferrikako kilometroak saihestu eta konfiantzan oinarritutako eredu bat eraikitzeko aspalditik ditugun tresnen baliagarritasuna…

Hemendik aurrera, gure esku dago erabakitzea beldurra jarriko dugun erdigunean elementu positiboak ikusezin eginda, edo jendarte gisa hobetu, justizia sozialean aurrerapausoak eman, naturarekiko harreman orekatuagoa eraiki, gure ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko moduak eraldatu eta harreman positiboagoak eraikitzearen alde egingo dugun. Herri bezala hausnartu eta zein norabide hartu aukeratu dezakegu; bestela, beste norbaitek egingo du. Hau aukera bat da, gure jendartearen oinarriei begiratu eta proposamen iraunkorrago eta justuagoa elkarrekin eraikitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak