Urtarrilaren 25ean, osteguna, egingo du Arrasateko EH Bilduk Pello Otxandiano Kanporekin solasaldia. Egoera politikoaren inguruan hitz egin eta hausnartzeko aukera izango da, Otxandianoren proposamenak ezagutu eta elkarren artean kezkak eta gogoetak partekatzeko.
Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzordua, EH Bilduk Arrasaten duen Bilgunean, Zurgin kantoiko 5. zenbakian. Pello Otxandiano ezagutu, solasaldian parte hartu, eta ondoren eztabaida eta solasaldiak mokadutxo bateaz jarraitzeko aukera izango da.
Duela astebete eskas berretsi zuten EH Bilduko kideek Pello Otxandiano Kanpo koalizioaren lehendakarigai %94ko babesarekin. Jarraian bere soslaia.
Pello Otxandianoren soslaia:
Otxandio, 1983
Telekomunikazio ingeniaritzan doktorea
Pello Otxandiano euskararen bultzadarekin lotura handia duen familia abertzale baten baitan hazi da. 1936ko uztailaren 22an bere jaioterria bonbardatu zuten, eta birraitona eta amonaren bi anaia hil egin ziren. Bonbardaketa hori mugarri bat izan zen bere familiarentzat, eta horrek hurrengo bi belaunaldien bilakaera eta ikuspegia markatu ditu.
Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialarekin politikoki konprometitutako familia eta gizarte-ingurune batek markatu zuen bere pentsamendu politikoa gazte-gaztetatik. Agirre lehendakariaren irudia amonaren etxeko aretoan, frankismoaren aurkako erresistentziaren oihartzuna, lehen Korrikaren historia, zeinetan amaren osaba antolaketaren parte izan zen edo euskal kulturarekiko eta gurasoen munizipalismoarekiko konpromisoak eragina izan zuten haren pentsamenduan eta bizitzan.
2011n, Bildu jaio zenean, ingeniaritza ikasketak amaitzearekin batera Otxandiano zinegotzi aukeratua izan zen bere jaioterrian. 2012an doktore-tesia aurkeztu zuen, Mondragon Unibertsitateko lau urtetako eta Suediako Göteborg hiriko Chalmers University of Technology-ko urtebeteko ikerketaren emaitza izan zena. Doktorego-egonaldi horretan, Eskandinaviako herrialdeak, haien ezaugarri sozial eta ekonomikoak eta politika publikoak gertutik ezagutzeko aukera izan zuen.
Behin ikasketak amaituta, 2010eko hamarkada hasierako testuinguru politiko bereziarekin konprometitzeko beharra sentitzen du Otxandianok, garai horretan fase historiko bat itxi eta berria finkatu behar baita. Bere ibilbide profesionalean parentesi bat egitea eta ezker independentistako zuzendaritza lanetan hastea erabakitzen du. Hortik hasi zen EH Bilduko Programa Zuzendari gisa, eta ekarpen kualitatiboa egin zuen politika publikoekin lotutako proposamen estrategikoen diseinuan. Lan politiko horren ondorioz, gure herrialdeko eskualde bakoitza zeharkatu eta ezagutu du.
Bere gaur egungo pasioa prestakuntza teknologikoa bokazio politikoarekin uztartzea litzateke, Adimen Artifiziala edo Blockchain bezalako teknologia disruptiboen aplikazioan lan egitea, eraldaketa sozial eta ekonomikoko prozesuak bultzatzen dituzten politika publikoetan. Ez dio uko egiten etorkizunean egiteari.
Musikazalea (pianoa modu autodidaktikoan ikasten du) eta mendizalea. Bere familia, liburu pila bat beti gertu, bizitzeko pribilegioa duen ingurune naturala eta Otxandioko bizitza komunitarioa dira bere bizitza egituratzen dituzten osagaiak.