Arrasateko EH Bilduk, herriko ondare historikoa katalogatu, zaindu, egoera onean mantendu, hau sustatu, ezagutzera eman eta erabilgarri izateko proposamen sorta bat aurkeztu du.
Arrasateko Ondare Historikoa zaindu eta balioan jartzeko apustua
EH Bildu behin baino gehiagotan agertu da kezkatuta herriko ondare historikoak duen utzikeria egoeragatik. Hainbat eraikinen egoera txarraz gain, zenbatu gabe eta babesik gabe dauden ondare historikoen zaintzarako politika aktiboen falta agerikoa da. Horren adibide dira azken urtean Arrasateko ondare historikoak izan dituen ezbeharrak, tartean Uribe auzoko zubiaren eraistea, edo Portaloiko higatzea, adibidez.
Zentzu honetan, Arrasateko Ondare Historikoa zaindu eta babesteko hainbat proposamen egin izan ditu EH Bilduk Arrasaten, eta oraingoan hauek eguneratu eta datozen urteetarako asmoen berri eman du. Honako proposamen hauek eman ditu ezagutzera:
- ARRASATEKO ONDARE HISTORIKOAREN INBENTARIOA EGITEA
Inbentario honek ondarea kuantifikatu, honen egoeraren gaineko azterketa egin, eta hauen jabetza, zaintzak eta ardurak jasoko ditu. Baita ondarea babesteko aholkuak jaso ere. Ekimen hau ezinbesteko lana ikusten dugu pasa den udan Uribeko zubia eraitsi ostean.
- PORTALOIA ERABERRITZEKO OBRAK EGITEA
Pasa den udako higatzeaz gain, begetazioz beteta dago. Egoera onean mantentzeko lanak egiteko beharra dago.
- HERRIKO ONDARE HISTORIKO ETA KULTURALA HAURREN ARTEAN APP BATEN BIDEZ ZABALTZEKO PROIEKTUA GAUZATZEA
Egun teknologia berriak bitarteko oso interesgarria dira transmisio kultural eta historikorako. Arrasateko ondarea gazteenengana irits dadin tresna garrantzitsua izan liteke aplikazioa.
- MONTERRON JAUREGIA HERRITARREN ZEBITZURA EGOTEA
Arrasate Musikal Juan Arzamendi Musika Etxera mugitzen denean, eraikin hau herritarren erabilerarako irekia egongo den zerbitzuak jasotzeko aukera izatea.
- ARRASATEKO HISTORIA JASOKO DUEN MUSEOA BULTZATUKO DUGU:
Gaur gaurkoz Arrasateko historiari lotutako pieza asko artxiboan gordeta daude, herritarrentzat eskuragarri izatetik urrun. Balio historiko handiko herria da Arrasate, arkeologiko eta industriala barnebiltzen dituena. Hauek batuko dituen espazio bat aztertu eta sustatzea nahi dugu, Arrasateko historia, kultura eta turismoa lotuko dituen lekua.
- LEZETXIKI NEANDERTHAL LURRALDEA: GIPUZKOAKO MUSEO ARKEOLOGIKOA ARRASATEN JARTZEA BULTZATUKO DUGU
Euskal Herriko lurraldeei dagokionez, Gipuzkoa da Museo Arkeologikoa ez duen bakarra. Hau Arrasaten izatea bultzatuko dugu, Lezetxikiren balio arkeologikoa balioan jarriz.
- INDUSTRIA MUSEOA BERRESKURATZEKO PROIEKTUA BULTZATU
Ibilbide industrial handiko herria da Arrasate, izen handiko enpresak izan ditugu, eta ditugu, herrian. Desagertu diren horiek utzitako legatua gogora ekarri, industrializazioak ekarri zuen eraldaketa jaso, eta herrian sortu zen mugimendu kooperatibistaren historia jasoko duen espazio bat beharrezkoa dugu.