Kirol Herria, kirolarentzat ikuspegi orokorra

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Arrasate 2022ko abe. 21a, 11:18

Eraikin eta instalakuntzetatik haratago, beste faktore batzuk barnebiltzen ditu Kirol Herria proiektuak. Hala nola, kirolaren alde soziologikoa, kirolaren sustapena eta kirolak berdintasunean, aniztasunean, justizia sozialean edota elkarbizitzan izan dezakeen eragina. Pertsonak erdigunera ekartzen dituen proiektua da, azken batean.

Arrasatek datozen urteetan kirolaren arloan izango dituen erronkei erantzuteko prest
dago EH Bildu. Gure konpromisoa serioa eta zintzoa da. Ildo horretatik, uste dugu
pasa den astelehenean Udal Gobernuak aurkeztu zuen Iturripeko kirol azpiegituren
proposamenak tokia izan dezakeela gutxi-asko Arrasateko EH Bilduren KIROL
HERRIA proiektuaren baitan ere. Azken batean, jada duela lau urte, Kirol Herria
aurkezterakoan planteatzen genituen premisetan oinarritzen da EAJ-PSEren ekimena.

Nolanahi ere, Arrasateko EH Bilduren KIROL HERRIAk ikuspegi orokorragoa dauka.
Eraikin eta instalakuntzetatik haratago, beste faktore batzuk barnebiltzen baititu. Hala
nola, kirolaren alde soziologikoa, kirolaren sustapena eta kirolak berdintasunean,
aniztasunean, justizia sozialean edota elkarbizitzan izan dezakeen eragina. Pertsonak
erdigunera ekartzen dituen proiektua da, azken batean.

KIROL HERRIAk ardatz edo lan ildo hauek jasotzen ditu, besteak beste:

1. Denontzako Kirola.
2. Kirol instalakuntzen deszentralizazioa. Auzoetan eta Arrasatear guztiontzako kirola egiteko aukerak.
3. Klubekin eta beste eragileekin harreman jarraia eta lankidetzazkoa.
4. Azpiegitura nagusiak (Musakola, Iturripe, Uarkape)
5. Azpiegitura ez formalak (bidegorriak, mendi bideak, BTT pistak, paseorako bideak..)
6. Turismo Kirola
7. Arlo ekonomikoa: Finantzaketa, aurrekontuak, erabiltzaileentzako tarifak.

Gobernuak Iturriperako aurkeztu duen aurreproiektua ikusita, herritar gehienok dauzkaten kezka berberak sortzen zaizkigu:

1. SINESGARRITASUNA: Duela lau urte, hauteskunde kanpainarekin bat etorriz,
makroproiektu bat aurkeztu zitzaigun Musakolako kiroldegiarentzako. Lau urte
pasa dira, ez da ezer egin eta kiroldegia egoera kezkagarrian dago. Orain
Iturriperako aurkeztutako proiektu hau beste iruzur bat izango ote da?

2. FINANTZAKETA: Nola aurreikusten dute EAJ-PSEk 35 millioi euroko proiektu
bat finantzatu? Arrasatek urte osorako daukan aurrekontu totala da hori.
Edozein proiektu serio eta bideragarrik ezinbestean izan behar du
finantzaziorako bide orria eta honetan ez dugu ikusi.

3. Erabiltzaileak eta eragileak: Edozein aurreproiektu egiteko, Kirol klubak,
gazteak, desgaitasunak dituzten herritarrak, emakumeak eta abar luze baten
beharrak kontuan hartu behar dira, euren kirol praktika sustatu eta kirol
instalakuntzen erabilerarako erraztasunak emango badiegu. Eta ez da egin.

4. IRISGARRITASUNA: Arrasateko edozein puntutatik edozein kirol gunetara
heltzeko erraztasunak jartzea: pasealeku eta bidegorri erosoak eta seguruak,
bizikletentzako parkinak… sare osotu batekin konektaturik.

Horiek horrela, eta kirol sare oso eta eraginkor bat eraikitzeko daukagun konpromisoan
oinarrituz, beldur gara gaur egungo udal gobernuak aurkeztu dituen makroproiektu
huts hauek ez ote diren beste kimera bat gehiago. Kirol plan orokor eta osatua da EH
Bilduren apustua, eraikinetatik haratago arrasatear guztiei kirola praktikatzeko hainbat
aukera emango dizkiena.

Argazkia: 2019ko udaberrian, Kirol Herria proiektuaren aurkezpenean kirol eragileekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak