Beste behin, gure ezinegona adierazi nahi dugu pasa den asteko plenoaren ostean Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak, eta EAJko arduradunak, egin zituen adierazpenengatik. Hainbat mediori egindako adierazpenetan honako hau adierazi zuen alkateak Arrasateko EH Bilduren inguruan: “Musika Eskolaren proiektua benetan ez babestea. Ez dute inoiz aldeko botorik eman. Gurpiletan makilak jartzen baino ez dute jardun”.
Ezinegona eta kezka handia sortzen dizkigu baieztapen honek, izan ere alkateak, udal gobernuak, EAJk eta baita udalbatzak ere, badakitelako adierazpen hauek erabat GEZURRAK direla. Letra larriz gainera. Beraiek badakite, eta zorionez, badakite baita ere Arrasate Musikaleko kideek eta udal langileek.
Gauzak honela, lehenik eta behin, proiektuarekiko gure aldeko jarrera eta apustua adierazi nahi dugu beste behin. Proiektua bera ona delako herriarentzat, herritarrentzat eta herriko kultur eragileentzat. Beraz, berriz azpimarratuko dugu, EH Bildu musika eskolaren alde dagoela.
Susmoa daukagu alkatearen adierazpen hauek ez ote diren eztabaidagai izan dena desbideratzeko egin, hau da, proiektua gauzatzeko egon den kudeaketa bera. Izan ere, proiektuaren exekuzioa (politikoa, noski, udal gobernuari dagokiona) ez da inolaz ere egokia eta eredugarria izan. Are gehiago, kudeaketa penagarri honek proiektua bera estutasun larrian jarri du. Zergatik? Hona hemen azalpena.
Hasierako esleipenean 2016. urtean, proiektu merke baten aldeko apustua egin zuen EAJ eta PSOEren udal gobernuak, obrei eta proiektuari begirada ekonomizista bat soilik emanez. Gu horren aurka agertu ginen, argi eta garbi, ulertzen dugulako badirela ikuspegi ekonomikoetatik at dauden irizpide eta baldintzak, proiektu baten garapen ona bermatzen dutenak. Esan genuen, eta ez ziguten kasurik egin. Eta denborak arrazoia eman zigun. 2020an,eraikuntza enpresak kale egin ostean, berriz deitu behar izan zen obren exekuziorako lehiaketa. Eta, zer gertatu zen? Berriz ere akats berdina, ikuspegi ekonomizista batetik deitutako lehiaketa izan zela.
Eta beste behin, arazoak agertu dira. Oraingoan ere atzerapenak izaten ari dira. Eta udal gobernuak, bere kudeaketaren autokritika egin beharrean, akatsak aitortu, eta egoera konpontzeko bitartekoak jarri beharrean, udaleko araudia nahi duten bezala eta beraien akatsak estaltzeko neurrira erabiltzen ari dira. Izan ere, obra publikoetan, atzerapenek kostu bat dute enpresarentzat, 3672,92eurokoa, hain zuzen, eguneko. Zergatik? Lehiaketa publikoan ezarritako oinarri eta konpromisoak ez betetzeagatik. Bada, udal gobernuak, isun hau barkatu dio enpresari azken plenoan hartu zuten erabakiarekin, 367.269,24 euroko isuna, konkretuki. Beraz, ez da egia EH Bildu proiektuaren kontra dagoela, kudeaketa txarraren kontra baizik. Bidegabea delako, alde batetik, obrak egiteko lehiaketa publikora aurkeztu ziren beste enpresentzat, eta oro har, herritarrentzat, Arrasateko erakunde arautzailea gutxi batzuen neurrira egin nahi delako.
Guzti honengatik, proiektuaren aldeko jarrera agertzen dugu beste behin, eta hau bermatze aldera, azaldu dugun kudeaketa txar honen aurka agertzen gara. Herriak nahikoa diru, denbora eta ilusio galdu dituelako dagoeneko kudeaketa txar honen ondorioz, eta Arrasateko Musika Eskolak espazio duin bat behar eta merezi duelako.
Arrasateko EH Bildu