Arrasateko EH BILDU Udal Taldearen agintaldiko balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Arrasate 2019ko api. 16a, 12:50

Ondorengo testuaren bidez Arrasateko EH BILDU udal taldeak 2015-2019 agintaldia baloratzen du.

Utziko diguzue, mamiari heldu aurretik, esaldi batean laburbiltzen legealdia, bereziki EAJ-PSE gobernuaren estiloaren eragin nabarmena izan duena: argazki asko eta mami gutxiko legealdia izan da.

Kanpo-arrosa politika jarri da abian, arlo askotan atzera pauso nabarmenak emanaz (auzoak, aniztasuna, ingurumena, berdintasuna edo adierazpen askatasuna) eta beste batzuetan aurretik eginda zegoenetik tiratu da ezer gutxi gehituz.

Gobernuaren estiloa nabaritu da auzo alkatetzen desagerpenean edota 1.769 sinadura batu ostean hileta zibilen arloan inongo lanketarik egin nahi ez izatean. Gobernuaren estiloa nabaritu da bototan gutxiago izan arren oposizioaren lana mespretxatu duenean udal batzordeak edukiz hustuz, informazioa ezkutatuz, lur eremua lokaztuz, Udal osoari zegozkion gaiak alderdikeriaz kapitalizatuz… Korrikako kilometroarena dugu horren azkeneko adibidea. Ez daukagu ezer lekukoa eramateko ohorea Atletiko taldeari eman izanagatik. Guk ere emango genioke. Baina ez da txukuna Udalaren izenean hartzen diren erabakiak prentsa bidez jakitea gobernuan ez gauden alderdiak.

Komunikabideei begira egin da baita lan, batez ere, udaletxean dagokien forotan lan egin ordez. Beste adibide bat jartzekotan, pil-pilean dagoen beste gai bat hartuta, ona da kiroldegi berriaren aurreproiektuarekin gertatu dena. EH BILDUren ekimenez plan estrategiko bat garatzen da eta amaieran aurre-proiektu bat egiten da hau errespetatu gabe. Ez hori bakarrik, ez da aurre-proiektu hau aurkeztu ez zinegotziz osatutako kirol batzordean ez zinegotzi eta kirol eragilez osatutako kirol kontseiluan. Edota pertsonal arloan lanpostu klabeen ordezkapenari ez zaio garrantzirik eman, Euskara zerbitzuburu gabe utziz adibidez, eta kritikotzat jo dituen teknikariak marjinatu ditu.

EAJ-PSEk diote herriari buelta eman diotela baina ez dakigu nondik. Ze, ea hurrengo galderei zer erantzun ematen dien gobernuak. Zuen agintaldia eta gero kaleak garbiago daude? Denda gutxiago itxi al da? Euskara gehiago erabiltzen dugu? Udalean lanposturik egonkortu da? Gutxiago al dira bazterkeria arriskuan diren familiak? Droga kontsumoak behera egin al du? Neguko aterpetxea zabalik dago? Autokarabana gunea erabiltzen dugu? Azoka konpondu duzue? Zein da udaltzaingoaren egoera? Zer lanketa egin duzue Diagnostiko sozialaren azterketarekin? Zenbat hilabete dira bertan elkartu ziren eragileekin bilera bakar bat ere egin ez duzuena? Eta aniztasun mahaiak, funtzionatzen al du?

Herritarren parte hartzeari buruz esango duguna da ez dutela eskrupulurik izan herritarren proposamenak eurenak balira bezala saltzeko, izan Erguingo igogailu izan Txiki-Txoko. Oso baxua da hori gardentasunaren izenean hitz egiten duen batentzat.

Eragileekin beste horrenbeste. Argazkitarako balio izan dietenean akordatu dira haiekin. Benetako elkarlanik gabe.

Ez da legealdi ona izan kudeaketa arloan eta gezurra da buelta eman diotela herriari. Argi utzi nahi dugu hori, propaganda besterik ez da.

Guk egin dugun lanari buruz aipu txiki pare bat egin nahi genituzke. Arrasateko EH BILDUren taldeak gogoz egin du lan herri aurrerakoi, euskaldun eta justu baten alde. Gure ekimenari esker jarri behar izan ditu gobernuak martxan fede gutxiz indarkeria matxistaren aurkako plana, Arrasateko pobrezia, prekarietatearen eta krisiaren eraginak neurtzeko diagnostiko soziala, kirolaren plan estrategikoa, aniztasun mahaia… Zoritxarrez aitortu behar dugu ez dutela ibilbide handiegirik izan, ziurrenik ez zegoelako eraikuntza enpresa bat atzean.

Arrasateko EH BILDUren udal taldeak parte hartu du udalak antolatutako ekimen, batzorde, aurkezpen, formazio eta foro guztietan ekarpenak eginaz askotan eta kritikak eginaz behar zenean. Eskerrak eman nahi dizkiogu zinegotzi izan den Eneko Fernandezi bere lanagatik eta Amaia Larrañagaren oroimena gogora ekarri nahi dugu, muxua eta besarkada beroa bere senideentzat.

Bukatzeko, ziur gaude hurrengo legealdian EH BILDUren eskutik Arrasatek berreskuratuko duela dagokion aitzindaritza Euskal Herrian hainbat eta hainbat arlotan. Arrasatek dituen erronka potoloak ezin dira geratu argazkietan agertzeko politika egiten duen alderdi baten esku.

Horregatik da ezinbestekoa Maider Morrasek gidatuko duen taldeak hartzea lekukoa gu iritsi ez garen lekuetara iris dadin EH BILDUren aldarri, estilo eta eredua. Esan beharrik ez dagok, gure taldeko bi kideren jarraipenak ondo baino hobeto bermatzen duela legealdi arteko transmisioa eta jarraikortasuna.  Eta gainontzekoak ondoan izango gara behar denean laguntzeko prest.

 

 

 

Arrasateko EH BILDU Udal Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak