Kudeaketari dagokionez, duela hilabete EH Bilduk taula bat aurkeztu zuen Udaleko Kiriol batzordean, herriko zenbait kirolari eta kirol elkarteren eskariekin osatua. Bertan, inbertsio eta mantentze aldetik egin beharreko lanak daude; premiazkoak. Besteak beste, atletismokoen koltxonetak, itoginak eta aldageletako dutxak. Taula horri jarraipen estua egitea da EH Bilduren konpromisoa.
Norabidea zehazteko, gure apustua Udalak bultzatu beharko lukeen kirol eredua argi eta garbi definitzea da. Dagoeneko aurkeztu dugu gure proposamena Udaletxean. Ondoren, 2016ko Udal aurrekontuetan ageri den bezala, Kirolaren Plan Estrategikoa egin beharko litzatekeela uste dugu, atzerapenik gabe. Hori da eskatu duguna, bai Kirol Kontseiluan, bai Udaleko Kirol batzordean.
Bestetik, pasa den asteleheneko Goiena TBko Harmailatik saioan, kiroletako zinegotziak esan zuen kirol elkarteek arazoa dutela jendea erakartzeko. Herrian zerbaitek huts egiten duela, baina zer den ez dakiela onartuz. Eskua luzatzen diogu egoera horri buelta emateko, azaldutako bi arazoetatik abiatuz, eta, betiere, kirola, lehiaketa eta kirol elkarteak baino gehiago dela gogora ekarriz.
Aisialdi hutsa ere ez da, besteak beste osasuna eta hezkuntza ere badelako. Kirol antolatua sustatzeaz gain, jarduera fisikoa sustatu behar dugu, herritar aktiboak sortuz, kiroldegi barruan eta baita kanpoan ere.
Arrasatearron eguneroko bizitza hobetzearen alde gaudelako, EH Bildun uste dugu oinarritik lan egin behar dela eta gainontzeko alderdiak arlo honetan inplikatu eta proposamenak egitera gonbidatzen ditugu.