Optimista izatea ez da erraza, gaur-gaurkoz. Eustea bada meritu. Akaso horregatik, ospatzea ahaztu egiten zaigu. Lortutakoagatik festa egitera baino gabezia zerrendatzera ohituago gaude.
Adibidez, musikan, aztertu behar da makrokontzertuen eragina, negozio hutsera bideratutako kultur politika eta kontsumismo musikala... baina Zetaken eragina itzela izaten ari da. Ospatzekoa.
Gogoan daukat entzun nuenean Fermin Muguruzaren 40. urteurren kontzertu-sorta edo La Polla Records-en bira dirua egiteko baino ez zirela. Pentsatu nuen, zein ondo, zelako pozgarria halako gauza handi, eder eta jendetsua antolatzeko gauza izatea. Kritikak errepikatu dira Mitoaroaren aitzakian. Eta argudio interesgarriak entzun ditut. Baina berriro ere ahaztu dugu arrakasta goraipatzea, gauzak ondo egin izana esatea, jendea ondo pasaraztea lortzea.
Handia da Mitoaroaren ekarria, hango eta hemengo jendea aktibatuz, euskara erdigunean jarriz, dantzarako gogoa eraginez, belaunaldien arteko kontaktua sortuz eta ilusioa piztuz. Uste dut arrakastari beldurra kendu diogula. Ez nabil musikari buruz bakarrik.