Jarioa

Erabiltzailearen aurpegia Edorta Arana 2026ko martxoaren 30a

Munduan gertatzen diren gauzak ulertzeko, testuingurua oso garrantzitsua da.

Ez dira gutxi uste dutenak notiziaren markoa edukia bera baino mamitsuagoa dela. Sare sozialetara eta telebistara heltzen diren berrietarako eraikitzen den frame horrek definituko duelako ez bakarrik zer den notizia, baita nola ulertu behar dugun eta izango dituen ondorioak zenbaterainokoak diren ere.

Framing-aren teoria deitzen diote horri. Egunerokoan zertaz berba egin behar dugun markatzen digulako. Ez derrigorrean horren gainean zein iritzitakoak izango garen, baina bai zeintzuk egongo diren denon ahotan. Markoaren eragina itzela da, gainera, gertatzen diren gauzen gaineko errelatoa sortzen.

Ez dakit, baina, aurreko lerroetan esandakoa ez ote den goitik behera aldatu azken denboraldian. Ez, ez bakarrik Trumpen politika egiteko moduagatik, lehendik ere badator. Bat-batekotasunak ez ote dion aurrea hartu notiziaren testuinguruari eta ulertzeko markoari.

Azken bolada luze honetan, egunetik egunera aktualitatea hankaz gora jartzen dituzten notiziez inguratuta bizi gara. Garrantzi handiko gertakariak, zalantza barik. Eta horiek mentalki prozesatzen nahikoa lan ematen digutenak. Hainbeste eta hain serioak izanik, horientzako framing-a eraikitzea ia ezinezko bilakatu da. 

Eta pentsatzen hasita nago gaur egun, komunikabideen jardunean, testuinguruak baino garrantzi handiagoa daukala timing-ak. Eta online komunikabideen bidez politika egiten duten agintariek, horren jakitun, aktualitatearen denborarekin jokatzen dutela. Etenik gabeko berrien fluxuaren bidez eragiten dutela gure bizitzeko moduan eta pentsaeran. 

Lehengora bueltatuta, ez dirudi Trumpen asmoa denik mundua ulertzeko dugun moduetan eragitea, baizik eta pentsatzeko astirik eman gabe mundua aldatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak