Ariketa

Erabiltzailearen aurpegia Edorta Arana 2025ko ira. 26a, 00:00

Aurtengo uda partean, urteak betetzen ditudanetik, egunero egin beharreko bat jarri diot neure buruari:

Eguna amaitu aurretik, nik aukeratutako zerbait irakurtzea eta kanta bat entzutea.

Ariketa ez da irakurzaletasuna eta musikazaletasuna lantzeko, aukeraketa-dinamika indartzekoa baizik.

Jaso baino gehiago, nik bilatu; besteek emandakoa barik, nik aurkitutakoa izan behar du. Ez du horrek esan gura gomendioak ez ditudanik kontuan hartuko. Baina, hori bai, jendeak edo komunikabide tradizionalek eskainitakoak izan behar dute. Ez diet sare sozialetan aipatutakoei jaramonik egingo. Behintzat, honetan nabilen bitartean.

Ariketan belarriak eta begirada beste toki batzuetara bideratzeko da. Push datorren informazio uholdeari galga txiki bat jarri. Eta nik bilatutakoa (pull), nire gustuak eta gauza berriak deskubritzeko leihoa zabalik mantentzea.

Eskura izan ditudan ikerketa-lan batzuek esaten dute gauzarik gustukoenak ere toxikoak izan daitezkeela neurria jarri ezean. Informazioa ere bai. Eta gehiegi irakurtzea, eten barik gauzak entzutea eta neurri bako gauzak ikustea… txarra dela. Burua eta kemena gelditu dezaketela. 

Geure egoera zein den jakiteko eta noraino gauden harrapatuta neurtzeko pista batzuk: irakurri eta entzundako zenbat gogoratzen duzu? Sare sozialei eskainitako denbora mugatzea lortzen duzu? Tristura eta atsekabea sentitzen dituzu online-baliabideei oparitutako denboraren ostean? Galdera horien erantzunek pista batzuk ematen dituzte zein izan beharko litzatekeen zeure dieta mediatikoa eta kulturala.

Ez da beti-beti erraza izaten ari, batzuetan ez dakit-eta nora jo, zer irakurri eta zer entzun. Baina sinistuta nago balioko didala autonomian irabazten, gauza berriak aurkitzen eta, azken finean, kalitate eskasekora ala betikora joko banu, ez besteei errua botatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak