Esango nuke aztoratuta ditugula Gazako sarraskiaren, Laudioko fabrika baten itxieraren edo Elgetako etxe batean izandako sutearen gaineko pertzepzioak. Bi gauza iruditzen zaizkit bereziki larriak: esperientzia pertsonalaren eta komunikabideen –bereziki, sare sozialen– bertsioen arteko arrakala; eta, bestetik, informazio-iturri (omen) sinesgarrien urtzea.
Lehenarekin hasita, duela gutxira arte, telebistan edo irratian entzuten genuenaren bertsioaren eta guk pertsonalki bizi izandakoarenaren arteko lehian, bigarrenak irabazten zuen. Esperientzia pertsonalak eta norberaren pentsatzeko erak eramaten gintuen eguneroko berriak modu batera edo bestera interpretatzera. Baina, gaur egun, bereziki sare sozialengatik, errealitate birtualek sekulako garrantzia daukate eta gure iritziek baino pisu handiagoa edukitzera heldu dira. Gauza askoren gaineko bakoitzaren irakurketan sare sozialen ekarria handia da.
Bigarrena ere tenore berekoa da. Arestian, norberaren gustuen edo ideologiaren arabera, komunikabide batzuetara jotzen genuen, sinesgarriagoak zitzaizkigulako. Modu koherenteagoan azaltzen zituztelako egunaren joan-etorrian sortutako informazioak. Egungo dinamika, baina, guztiz bestelakoa da: sare sozialen bidez jasotzen ditugun notizietan eta iritzietan modu berean nahasten zaizkigu asko dakitenenak eta txoropito batek Instagramen jaurtitakoak. Informazio-iturri serioak eta influencer txatxuenak pisu berarekin zerbitzatzen zaizkigu aktualitatearen mahaian.
Horregatik, bi indar distortsionatzaile horien ondorioz, zaila zaigu mundu honetan gertatzen direnen gaineko jarrera sendoa eta arrazoitua edukitzea. Agian, horren eraginez, Ameriketako Estatu Batuetara joandako hainbat etorkin mugak gogortzearen alde daude, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren kontrako iritziak dauzkaten emakume gazte batzuk entzuten ditugu, eta ez dira gutxi kontsumismoan itota bizi diren txiroak.