Aretxabaletako Galartzan baino sotilago, baina mezua bera da: ez dago Karonteri kontrako noranzkoan ziria sartuko dion paterarik.
Izan zitekeen baita ere Eskoriatzari buruzko artikulu bat, Apotzagatik aldendu gabe. Beti interesatu izan zaidan herria baita, hainbat arrazoigatik: Arrasaterekiko duen antzekotasuna hainbat aspektutan, Atxorrotxek duen sinbolismoa eta, batez ere, inoiz datua egiaztatu ez dudan arren, entzun nuelako behin Eskoriatza izan zela Gipuzkoan XX. mendean euskara kaletik desagertu zen herri bakarra.
Hartu nahi izanez gero tentuz datu hori, ondo egingo duzue. Baina ez didazue ukatuko ez dagoela Debagoien osoan Euskal Herriak bizi izan zuen hizkuntza diglosia hobeto islatzen duen herririk: elizateak –baserri giroa– euskaldunak eta kalea erdalduna. Lepoa jokatuko nuke, intuizio hutsa bada ere, identitate-talka horretan mamitu zela berriki desagertu zen Elizateak alderdi politikoa ere, beste inongo herritan berpiztu ez dena. Hizkuntza eta nazioa, horra Joxe Azurmendiren obraren giltzarriak. Uste dut ez litzatekeela txarra Espainolak eta euskaldunak berrirakurtzea.
A, eta diglosiaz iraganean hitz egin badut da Mikel Zalbidek erakutsi zidalako jada bizi dugun hizkuntza egoera ez dela diglosia. Oreka oro, nahiz eta prekario izan, apurtua dela, eta batek daki dikeen hausturak, nahiz eta dike horiek eurak izan gure hizkuntzari arnas betea hartzen uzten ez ziotenak, nora eramango gaituen. Alegia, Aramaiok linguistikoki Arrasateren antza hartzeko aukerak handiak direla eta Arrasate Donostia bilakatzeko bidean dagoela.
Euskararen hiriburua, diote Urumea ertzekoek. Larrua behar da, gero, erabilera %15ekoa den hiri batean halakorik esatea.
Izan zitekeen artikulua horri buruz, baina ez da. Gero arte esan nahian nabil, baina beti iruditu zait txepela agur hutsera mugatzen diren artikuluak idaztea. Ezin diet uko egin bost ogerlekoko hausnarketei. Gero arte, hala behar duela sentitzen dudalako. Gero arte eta eskerrik asko Iban Arantzabalek gidatzen duen Goienako lantaldeari, egunero horren lan fina egiteagatik; eta, bereziki, Sergio Azkarateri, haren pazientzia handi eta zuzenketa finengatik.
Bukatzeko, gero arte eta eskerrik asko zuri, irakurle. Zu gabe honek ez luke zentzurik. Hurren arte.