Ondo esanak gogoan hartu eta gaizki esanak barkatu.
Batetik, egon dira, asko, ekintza egiteko formari erreparatu diotenak. Balentria teknikotzat jo dutelako. Baina, batez ere, eraisketa gauez eta sekretuan egin izanak mindu edo haserretu du hainbat. Nik ere, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia irakurri dudanez gero, uste dut hurrenkera bertutetsuagoa dela aurrena eztabaidatzea eta ondoren eztabaidaren ondoriok aplikatzea. Baina ez batek ez bik, gehiagok, esan didate maiz eztabaidarik ez dela pizten halako astindurik gabe. Bada hor zer pentsa.
Bestetik, ekintzaren edukiari buruz ere egon da saltsa. Egon da esan duenik gurutzea mantendu beharko litzatekeela jende askoren artean igo zutelako, baina ostiralero Etxezuriko ogiaren ilaran jende asko batu ohi da eta ez dut uste horrek ilara bera ondare egiten duenik. Gurutzea jarri zutenak gizon handiak zirela ere aipatu da eraisketa kritikatzeko. Handitasun hori ez dut eztabaidatuko, eta serio demonio hartzen ditut lotura emozionalen abaroan eginiko irakurketak. Baina gizon handiak ere testuinguru eta guzti dira handi, eta haien testuinguruan irakurri behar ditugu. Hori gutxi balitz, egon da ere gurutzearen balio artistikoaren apelazioa egin duenik. Edo mendi puntan gurutzeak jartzearen zera hori eremu geografikoaren bereizgarria dela ere esan dute. Are gehiago, EHtik Leintzera bizitzera etorritako kolonoen gauza izan omen da eraispena (sic). Zientzia Elkarteak egin du argudiozko ekarpenen bat edo beste, baina nahiko nuke ondare izatearen ezaugarrietan gehiago sakonduko balute. Ez al da, finean, gurutzeak jartzea Hobsbawnek aipatzen zuen invented tradition bat? Ala, akaso, Hobsbawn kritikatzen dutenek dioten bezala, reinvention of tradition da? Anbotoko Marirekin zer egingo dugu? Asmatuaren balioa, horra beste hari-mutur bat.
Leon XIII.ak esango zuen nahi zuena, baina "hemen gaude gu" traza hartu izan diet beti tontorretako punta zorrotzei. Eta herrialde ustez laikoa izanik ez denez eztabaidatzen iaz Osakidetzak erlijio zerbitzuengatik Elizari ordaindutako ia 600.000 euroez, ez ETB edo Euskadi Irratiko mezez eta, are gutxiago, autoritatez jositako erlijio ospakizunez, Udalatxekoa nonbaitetik hasteko modua izan liteke.