Horrenbeste, ze ikasturteko azken artikulu hau berari eskainiko diodan.
Premisa da Ameriketako Estatu Batuak bigarrenez gerra zibil batean murgildurik daudela. Eta, horrenbestez, izuaren esportatzaile izan den nazio horrek azal, hezur eta haragitan bizi dituela indarkeria bridatu gabearen ondorioak. Gudaren sorburua da Kaliforniak eta Texasek matxinada abiatzen dutela Washingtongo gobernu federalaren kontra. Harrigarriki, mendebaldeko aliantza –halaxe deitzen diote beraien buruari matxinoek– gerra irabaztear da.
Amaiera hori kontatu nahi dute lau kazetarik. Horietako bi, Lee eta Joel, beteranoak dira eta mundu osoko izugarrikeriak kontatu dituzte Reuters agentziarentzat. Leeren hitzetan –fotokazetaria da bera–, hau da bere lanaren muina: Gerra eremu batean bizirik irauten nuen bakoitzean mezu bat zela uste nuen: ez egin hori. Baina hemen gaude. Lee zinikoa da eta, bere begiek ikusitakoaren minak burua zulatzen dion arren, ahalegintzen da gogor jokatzen. Bere babes bakarra da, baina, ez dakit nola esan, tximista bati egurrezko zotz batekin aurre egitea bezalakoa da duen ezkutu hori.
Jesse anbizioduna da, Lee miresten duen fotokazetari gaztea. Goseak itsutzen du –gazte gara gazte– eta behin baino gehiagotan salbatu beharko dute besteek berak antzeman ezin dituen arriskuetatik. Bukatzeko, Sammy dago, New York Times-eko kazetari beteranoa. Hark du eskarmentua eta sena, baina zaharra da eta ez dute errespetatzen horregatik beste kideek.
Pelikulak ez du ezer ere kontatzen eta dena dio. Ez da erraza hori lortzea, baina hala da. Adibidez, kazetaritzari buruz hausnartzen du, hori helburua izan gabe. Zer den gerra-kazetaritza eta ikusten denarekiko aldi berean inplikatzeak eta ez inplikatzeak bati dakarkion zama. Anbiguetate bitxia da kazetariarena, egiari zor.
Bestalde, kritikari batzuk kexatu dira –gutxi, zorionez– ez dela aipatzen gerra zibilaren arrazoi politikorik. Erantzuna pelikulak dakar, lagunok. Gerrak puntu batetik aurrera ez du arrazoirik behar, logika autobetea baitakar defektuz.
-Ez dakizue nor duzuen hor tiroka, ezta errebeldea ala gobernuko kidea den?
-Zer axola dio horrek. Guri tiroka ari da.
Bada, hori. Kontuz gerrarekin, dimentsio propio bat da bere hartan. Ukraina, Gaza. Ez dakit asmatzen ari ote garen erantzunarekin. Gerrarik ez.