Larri-kale

Hauteskundeak amaituta, balirudike isiltasunaren bakea datorkigula gainera, baina bakea, bere hartan, ez da existitzen.

Bakea ez da orokorra ez unibertsala. Izan ere, kapitalismoaren urte loriatsuak eta frankismoa garaikideak izan ziren. Gure haurtzaroan Jugoslavia gerran zegoen. Estatu Batuetako futbol mundialaren finalean Roberto Baggiok baloia zerura jaurti baino bi egun lehenago, eta datu zehatza da hau, amaitu zen Ruandako genozidioa.

Gaur egun ere Ukraina, Palestina eta beste hainbat dira oinazearen mapan gorriz margotutako tokiak. Gerra hitza gero eta tipografia larriagoz idazten da egunkarien azaletan eta ez dirudi mugimendu bakezalea une ona bizitzen ari denik. Akaso, bakezaletasunaren izaerari errepaso bat eman izan bagenio herri honetan, bakezale izatea maiz estatuaren garaipena desiratzea baitzen, orain ez geundeke horrela.

Eta, horren une tragikoan, tragiko den orok komediatik duena aitortuta, barraken intsumisioak bereganatu du Arrasateko San Juan jaien arreta. Ai ene, lagunok, diru zikinak bihotzik ez eta poltsikoak hotz geratuko diren beldurrez erabaki dute santoralaren geografia hobeto arakatzea barraketatik bizi diren familiek. Eta hala San Andres, Musakola edota Aretxabaletako jaiak negoziorako egokiak izanik, Arrasatek ez du, antza, hori bermatzen. Bat dator garaiaren izpirituarekin, gainera, barrakok egon ohi diren Maiatzaren Bata izena duen plazan erreibindikazio patronalek espazioa okupatzea laboralen kaltetan. 

Ene Margari, jakingo banu zer kontatu nahi dizuedan gaur. Akaso, ezer ere ez. Edo, kontrara, dena dut esateko. Eta dena esateko bada, hitzak aurkitu beharko ditut. Ez dakit, esaterako, deskribatzeko euskarak bizi duen ataka zaila. Epaileen erabakiek jipoitua, erabileran geldotua, ustez gorri direnen partetik pribilegiodunen apetatzat joa eta betiko fatxek laidotua. Katalanek jo dute alarma eta gu iji eta aja ez ote garen ari, gertatzen ari denari tamaina ezin hartuta. Mundu birtuala ulertzen zaila delako liburuak argitaratzea soluziobide hartuta, hala ikusten dut ari garela gu.

Larri-kalen nauzue, bai, gai honekiko baikor eta itxaropentsu naizen hori. Jabe naiz belaunaldi orok jo duela behin baino gehiagotan ekaitza iragartzen duen San Kristobal ermitako kanpaia. Baina guk ez badugu boza goratzen, nork egingo du?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak