Horren adibide izan liteke Deba Bailarako (sic) Etxebizitza Sindikatuko kartel bat ikustea Erguin auzoan gaztelania hutsean.
Txiripak nahi izan zuen kartel hura ikusi nuen une berean Paul Austerren azken liburua, bere paper artean besterik agertzen ez bada, edukitzea nik besapean. Baumgartner du izena liburuak eta abizen bereko unibertsitate irakasle eta idazle erretiratuaren zahartzaroa du ardatz. Autogupidarik gabe, zahartzea bere hartan dena edulkoratu gabe, hainbat gako interesgarri eskaintzen ditu modu duinean zahartu nahi duenarentzat: maitasunaren balioa bakardadeari aurre egiteko, lanaren garrantzia burua argi eta erne mantentzeko, eskuzabalki jokatzea ez dauden hirugarrenen oroimena mantentzeko orduan... Itzaltzen ari den kandela da Baumgartner, eta, hala eta guztiz ere, argia ematen tematzen dena.
Uste dut zaharra naizenean nire ondorengoei esango diedala nire amamaren osaba bat mikeletea izan zela Gesalibarren. Eta irudituko zaizkie gauza oso urrunak, exotikoak. Uste dut bakoitzaren bizitzari horrenbeste ematen dion exotismo eta misterioa ingurukoentzat pizturik mantentzea izango dela nire azken egunetako zeregin bat. Bestela, aukera dezaket ere Sanchez Ostiz idazlearen bidea, zeinak mala letxe handiz larrutzen dituen Iruñean altxamendu militar faxista izan eta gero barrabaskeriatan aritu, errugabeak hil eta aberastasunak arpilatu zituzten horiek guztiak. El escarmiento lana bezalako hainbat egin litezke herri bakoitzean, eta, nahiko nukeen arren zerbait argitsuagoa egin nire bizitza hondarrean, ez diot amorruari aterik ixten.
Mari Luz Esteban ere izan liteke eredu on bat, zeinak bere Andrezaharraren manifestua bezalako lanean gogoeta egiteaz gain zahartzean generoak duen garrantziari buruz, ekarpen teoriko eta intelektuala dakarren.
Ez nukeena izan nahi da Rafael Chirbes bezalakoa. Maite dudan idazlea da, baina bere azken eguneroko autobiografikoak –ia 3.000 orrialde dituen hiru liburukoteko lan mardula– oso zapore mingotsa utzi dit. Orrialde ugari sobera egoteaz gain, iruditzen baitzait zuloan plisti-plasta egotea dela ariketaren funtsa.
Margarite Yourcenarren Hadrianoren oroitzapenak lan estratosferikoki bikainean esaten den bezala: Gizonik opakoenek distira egiten dute: hiltzaile honek ondo jotzen du txirula, esklaboen bizkarra zartaka urratzen duen kontramaisu hori agian seme ona da; idiota horrek nirekin partekatuko du bere azken ogi puska. Eta gutxi dira zerbait irakatsi ezin digutenak. Gure akats nagusia da bakoitzarengandik ez dituen bertuteak lortzen saiatzea, dituen bertuteak lantzeari muzin eginez.
Topatu zure modua eta distira. Baina faborez, ez petraldu.