Hori otu zait Bialetti kafeteraren hariari begira nagoela goizeko sei eta erdietako lo aurpegiarekin. Zinemak, bideojokoek edota egunkariek ezagun egin dituzten irudiek dute errua, ziur asko; bati Aita Barandiaran etor dakioke burura, edota Lara Croft, non arkeologo batek antzinako hezur bat ateratzen duen lurpetik, putz egiten dion gainean metatutako zarra-marrak kentzeko, eta horra Bigarren Karlistaldian hil zen aitonaren osaba Eustakioren femurra kristalezko ontzi batean ikusgai. Nagusitasunez begiratu ohi nien Ameriketako Estatu Batuetako jatorrizko herrien albisteei, eskatzen zutenean errespeta zitezela haien arbasoen atseden eta kanposantuak, baina orain ulertzen ditut. Erdibidea galdu dugu zientzia interesaren eta betiko atsedenaren errespetuaren artean. Irudikatu dut arkeologoren batek ez ezik Gizarte Segurantzak berak ere atera nahiko nauela lurpetik, DNA laginen bat hartu, klonatu eta lanean jarri berriz ere beste berrogei urte kotizatzeko. Ojokuidau, distopia kutreen aukera ez baita gutxietsi behar.
Bizi dugun garaia. Macron boxeolari plantak eginaz; Koldo izeneko sasi-aizkolari bat putetxeak, kargu publikoak eta ustelkeria konbinatzen iaio, eta gu 2026ko kontzertuetarako sarrerak erosten. What a time to be alive. Mundua gainbehera doa eta ni intxaurrondoei begira nago; zein sano diruditen orain, zeinen eder, eta nola izorratuko dien fruitua euli dontsu batek uda betean. Arbola gauzeztanak eraitsiz gero, klima beroketari alea jarriko diot; mantenduz gero, intxaurrondoen dantza beltzaren lekuko izango naiz, sekula sekulorum, etorritako bide beretik joaten ez bada izurria, bederen.
Bale, bale, badakit. Ken ditzaket intxaurrondoak eta zer dakit nik, hurritzak edota sagarrondoak sartu. Ados. Baina pazientzia behar da arbolatxo txikia hazten ikusteko, sehaska kantak abestu behar zaizkie –geldiro haziko zara, mara-mara, sagarrondo xume, zipriztin, ttotto–, eta presaren garaiko semea nauzue, egonarriz gabetua, udaberria kosta ahala betikotu nahi duen gizaldikoa.
Aix, udaberria… Vivaldik alaitasuna eta presa egozten zien urtaroa, eta, inkesta baten arabera, egungo gazteek triste bizi dutena. Uste dut ez dugula zoriontasunaz nahikoa hitz egiten. Are gehiago, ia ez dugu zoriontasunaz hitz egiten. Ni zoriontsu egiten naute gereziondoen loreek eta udaberriko lehen gibelurdinek. Ez naiz ni izango gazteei zer egin esango diena, baina haien tristura gure arazoa ere bada.