70.000 eurotzar nobela proiektu onena aurkezten duenarentzat; ohiko euskarazko literatura beka estandarra baino hamabi aldiz handiagoa den kopurua. Dena den, diru sariaz gain, bada gauza bat bitxia dena, eta hori izena da: batetik, Xabier Lete ez zelako nabarmendu nobelak idazteagatik; eta, bestetik, ezaguna delako lehiaketa batean egin zuen plagio tranpa. Ez dut honekin gutxietsi nahi Leteren ibilbidea, akatsak akats bere ekarpena nabarmena delako, baina erakunde publikoak tartean egonik uste dut kontu handiagoz aritu beharko litzatekeela, ez baitio onik egiten ezta Leteri berari ere.
Bekak eta lehiaketak dira sortzaile askoren patua. Aste honetan, besteak beste, irakurri ahal izan da X sarean hainbat sortzaileren kexa –debagoiendarrak tarteko–, adieraziz ezin izan dituztela tailer, hitzaldi edota emanaldiak kobratu faktura elektronikoaren eta izapidetze administratiboen izaera bihurriagatik. Lotsa eragin beharko lieke erakunde publikoei halakoak gertatzeak, non inurri lanari esker piloa gutxinaka osatzen dutenei tamainako trabak jartzen zaizkien. Baserritarrak ere antzeko kexuekin ari dira, laguntzak jasotzeko eta, are tristeagoa dena, jarduerari berari eusteko paper artean itota. Martxa honetan, gehiegizko burokratizazioa da kapitalismoa akabatuko duena, eta ironikoa litzateke, beti komunismoari egotzi izan baitzaio akats hau.
Bukatzeko, ez dakit gertatu zaizuen, baina hurbileko bat azaltzen ari zitzaion 2 urteko haurrari Santa Ageda kantuko makilek lurra esna dadin kolpatzen dutela, eta barruan zerbaitek krak egin zidan. Tragikoki erridikulua da egoera: hartza ustez itzartu da loak hartzeko arrazoirik eduki ez duen urtean. Zuhaitzak loretan, belarra luze, eltxoak airean. Kordoban bizi gara eta guk oraindik ikusi nahi ez.
Fermin Muguruzak eta Dutek bazuten kanta eder bat esnatu lurra, esnatu estribilloan aipatzen zuena. Akaso, sehaska-kanta bat abestu behar diogu naturari eta esnatzea opa gure buruei.