Hezetasunak zauritutako aretoa izan arren ikaragarri maite dudan tokira. Amaia betea zegoen, gaur egungo aforo murrizketek uzten duten heinean; eta mikrofonoa hartuta, Besaide Mendizale Elkarteko ordezkariak. Eñaut Iturbek, dokumentalaren sustatzaile nagusienetakoak, adierazi zuen emozionatu egiten zela, oraindik orain, irudiok ikusita. Seinale ona izan ohi da hori, gehienetan.
Hiru ordu laurden inguru irauten duen dokumentalean ageri da jende gaztea, oro har, arrasatearrak asko, eta jantzia dena bere zereginetan. Badira geologo, biologo, artzain, botanikari, espeleologo, historialari eta abar. Ondo azaltzen dute eta era ulergarrian nola sortu zen mendia, zein den eduki duen eboluzioa eta gizakiok harekin eduki dugun harremana. Gizaki mondragoetarrok, batez ere, zeren eta Elorrio apenas aipatzen baita. Barka biezagute gure bizilagun bizkaitarrek konpartitzen dugun mendia kasik osorik gure egiteagatik.
Bukaeran mezua, argia, ahoan bilo gabekoa: nork defendatuko du Udalatx? Izan ere, parke naturalen babesetik kanpo geratzen da, haietako bigandik gertu egonik ere, eta baditu ekosistema kinkan jartzen duten hainbat zauri esanguratsu: hango trena dela edota hemengo harrobia, basoak egoera zaurgarrian eta mendiaren ustiapen –mantentze– era tradizionala krisi betean. Isiltasuna egin zen Amaian galdera hori –nork zainduko du Udalatx?– pantaila irudi beltzean ikusi genuenean letra zuriz. Izan ere, hain ziren ederrak horren aurreko irudiak? Hain segailak kareharri haitzak, hain berdeak arteak, hain gorrixkak lurraren barrunbeak!
Mendizale elkarte baten funtzioa ez da mendi federazioko txartelen tramitazioa, ezta eski eta antzeko irteerak antolatzea ere. Hori dena egin beharra du naturaren eta, bereziki, mendi ingurunearekiko maitasuna eta kontserbazioa landuz. Horregatik da txalogarria Besaideren ekimena, eta, esan beharrik ez da, eredugarria. Doakiela, beraz, lerro hauetan, dagokion esker ona.
Epilogoa egin behar bada Udalatxi buruz, hor geratzen dira mitoak –Mateo Txistu Udalatx magalekoa da–, 36ko gerra kontuak, mugaren presentzia –hiru probintziak egiten baitute topo Udalatx ertzean– eta auzotarren, egunero mendia bizi dutenen, berbak.
Bukaerarako puntua: irekiko dugu tontorreko gurutzea kentzeari buruzko eztabaida?