Hain nindoan pozik, hain bakean nire buruarekin, are gehiago izorratu ninduen mendi osoaz jabetu zen zaratak: motordun parapente txatxu horietako bat besterik ez zen, baina bazirudien Londresen bonbak jaurtitzeko gertu zegoen zepelina.
Umetan ezagutu nituen Musakolan ortura joateko ere eskopeta zeramaten gizonak, txorien eta gainontzeko izaki bizidunen kalte. Lepoa goraka altxatuta objektu hegalari mengel bezain petardo horri begira, zin dagit nik ere eskopeta eramateko ohitura banu ordurako tiroa jota nuela.
Tira, komeni zait zaratatsu izatearekiko dudan autopertzepzioa doitzea, batek ez baitaki zein burrunbatsu den Frantziako –nire kasuan, Okzitaniako– kanpin batera iritsi arte. Bazuen sentipenak asko seinalatua izateko beldurrak dakarren larritasunetik, baina han ez zen bestelako haurrik aditzen, gurea salbu. Eta bazen, baziren, neskamutiko saldoa, baina frantsesek isiltasunaren ligan nahi beste gol sartzen dizkigute: kanpineko taberna 20:00etarako itxita, gurasoen zorroztasunean De Gaulle jeneralaren izpiritua bizi-bizirik dago eta ahapeka egin ohi dute guk oihuka konpontzen duguna.
Abuztutik hona, eta gu ere builagileen saldokoak garen shock akustiko horrek akuilatuta, nire buruari zaratari buruzkoak galdetzen dizkiot. Betidanik izan gara euskaldunok builatsuak? Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaldunok dezibel maila bera darabilgu? Portugesak ez badira builatsuak –egiaztatu egin nuen Lisboan– eta espainiarrak eta gu bai, kolonizatu egin gaituzte zeharo? Gure autopertzepzioa, non gure ustez andaluziarrak zaratatsuago diren gu baino, zuzena da? Gure aitona-amonak zaratatsuak ziren ala azken urteotakoa da bilakaera? Tabernetan musika beti altu edukitzea kausa ala ondorioa da? Noiz jarri ziren bozgorailuak tabernetan? Duela berrogei urte? Lehenago?
Ikusten duzue zenbat galdera ditudan, eta erantzunik apenas batere. Galdezka ibili arren, ez dakit noiz jarri ziren musika-ekipoak tabernetan, eta aitona-amonen kasuan ere ez dut ezer erabatekorik aurkitu: batzuek diote baietz eta besteek, ezetz.
Eskertuko nizueke erantzunik bazenute. Lapurdiko lehengusina batek, adibidez, pista garrantzitsua eman dit: Frantzian telebistaren beraren tonua da baxuagoa; Espainian beti ari dira zalapartaka.
Nik badut Hego Euskal Herriko zaratari buruzko teoria, inon kontrastatu gabea; horrenbestez, merke samarra: zarata Espainiatik inportatu dugu eta zerikusia du XX. mendean bi diktadura nozitu izanarekin, horrek dakarren guztiarekin. Zarata da hitz egin ezin duenaren isiltasuna.