Cortazar

Ikusi nuenean Goienan Eskoriatzako alkategaien arteko eztabaida, Julio Cortazarrez oroitu nintzen.

On Julio... badut sentsazioa ez ote den baztertuxea gure letretan. Modak izan litezke, batek daki, baina, maiz, ez dut Euskal Herria ulertzen.

Haren TVEko elkarrizketa gogoangarria ez baduzue ikusi, Joaquin Soler Serranok egina, Youtuben dagoena, tartea hartzea gomendatzen dizuet. 1980an Berkeleyn eman zituen literatura klaseak urregorria dira; sarean ez da zaila topatzen dokumentua. Eta, hurbilago, berriz ere agertoki gainera igotzen bada Oier Guillan Cortazarren Pertsegitzailea ipuinaren irakurketa dramatikoa egitera, Jon Muñozek euskaratua, ez galdu munduko ezerengatik. Ean ikusteko zortea eduki genuenok, 2020ko urtarril urrun hartan, ez dugu ahanzteko.

Horrez gain, Gerardo Markuletak itzuli zizkion lan batzuk, Mikel Lasak kapitulu bat eskaini Literatura Hego Amerikan saiakeran, Harkaitz Canok ipuin baten protagonista bilakatu Neguko zirkuan eta Jon Alonsok gurera ekarri hainbat ipuin Txalapartak argitaraturiko Antologia apetatsua obran. Mikel Soto eta Irati Jimenez ere Cortazar-zale deklaratuak dira, eta horren lekuko da Deabruaren Eskolan egin zioten aitortza.

Idazle konprometitua, zintzoa eta talentu handikoa zen Cortazar. Gustatuko zitzaizkion Eskoriatzako hauteskunde emaitzak, boxeolari bazter eta, halere, herriak maitatutakoen zale zenez gero. Egiari zor, nik ez nuen halakorik espero. Fama, Cronopio eta Itxaropenen dantza horretan beti eskapatu izan zait zer edo zer. Poztu naiz, bai, alajaina, hainbatengatik. Moet Chandon ez, hain da edari kurtsia, baina Etxeko Bobs Beer eder bat ahoratuz jarraitu nituen kontaketak Goiena telebistan.

Bukatzeko, eta noan mamira, hona iristeko ez diogu zertan gure herriari halako hauteskunde kanpaina bat gehiago pasarazi. Sareetako zirinek gogaituta, TV3 jarri dut behin baino gehiagotan, gustuko opera programa baten bila. Katalanak ez daude ondo herri bezala, ados, esnobismoa ere izan liteke nirea eta haiena, baina ahalegintzen dira makal egonik ere munduarekin bat egiten txokokerian erori beharrean. Hemen sukaldariak ditugu bueltaka hamar metro karratutan gogortutako bexamelari eragiten, eta inork ez du Ukrainan gertatzen dena telebistan txukun kontatzeko anbiziorik. Cortazarren Rayuela modu askotara irakurri omen liteke, eta gure errealitatea baita ere. Asmatu egin behar istorio on bat josten. Ez bazarete konturatu, hau hauteskunde biharamunean idatzitako artikulua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak