Argitaletxe enblematiko baten bultzada frankismoaren hondarrean, Edicions 62, eta talde sustatzaile bat, gazte antifrankistez osatua, zeinak erabakitzen duen Herrialde Katalanak munduan nor izateko ezinbestekoa dela katalanezko entziklopedia bat, haien herria zer den jasoko duena. Max Cahnerrek, Jordi Carbonellek, Enric Lluchek eta Ramon nahiz Nuria Aramonek hasi zuten proiektua, besteak beste, 1967an, eta lehen liburukia 1968an argitaratu zen. Halaber, urtebete geroago, planifikazio txarrak eta krisi ekonomikoak Cahnerren irteera ekarri zuen, hark kreditu pertsonal bat eskatu zuen proiekturako aski ez zena, milioi bat pezetakoa, eta geratzen ziren sustatzaileek Pujol familiaren Banca Catalanari eskatu zioten laguntza. Ordutik ohikoak ziren lantalde ezkertiarraren eta finantzatzaile pujoldarren arteko ezinikusi eta eztabaidak, Francoren diktadura amaiera eferbeszentean kokatu behar direnak, laburbiltzen zirenak batzuen irizpide ekonomizisten eta besteen irizpide intelektualen arteko talkan. Azkenean, kostata, 1980an amaitu ziren lanak eta hamabost liburuki izan ziren, guztira. Parte hartu zuten intelektualen neurria hartzeko, adibidez, Joan Fuster izan zen Valentziako sarrerak idaztearen arduraduna. Ez da gutxi.
Banca Catalanak ere badu mamia, baina beste baterako utziko dugu gaia.
Kontatu nahi nizuen anekdota da egun batean sutu omen zela Jordi Pujol, zeinak entziklopediaren finantzaketarekin jada ureztatzen zuen haren karrera politikoa intentzio osoz, entziklopediaren erredakzio taldeak astebete pasa zuelako ura hitzaren definizioa osatzen. Horrela ez zegoen kristo ekimen hura errentagarri egingo zuenik. Pentsa, une batez 60 lagun aritu ziren batera lanean entziklopedia egitasmoan.
Nik, bistan da, justifikatua ikusten dut uraren definizioarekin astebete pasatzea. Erredaktoreek eurek zioten bezala, bizitzarako denik likido inportanteena da. Horregatik egunero begiratzen diot Urkuluri, asmatzeko zein izango den gure sikatearen patua. "Arroka ikusten da", pentsatzen dut goibel, Irebaneko kurtzean lepoa luzatuta. Urpeko baserriak ageriko direnean hauetako batera sartu eta leihotik begiratuko diot Zaraia horituari: "Eguraldi onak akabatuko gaitu", hasperen egin, bekokiko izerdia mahukaz lehortu eta begietako malkoak hautsari egotziko dizkiot.