Esfingearen asmakizuna

Ezaguna da nola esfinge doilorrak izuturik zituen Tebasko biztanleak.

Honela kontatzen du greziar mitologiak: esfingeak Tebasen sartu edo handik irten nahi zuen orori bere asmakizuna botatzen zion eta, asmatu ezean, munstro hark –giza burua baitzuen hegaldun lehoiaren gorputzean– kolpe batekin urrutira jaurtiko zuen seko utzi arte. Azkenean, Edipok argitu ei zuen esfingearen misterioa eta arriskua betiko uxatu.

Euskaldunok ere badugu esfinge-gai parea gure herriko ateetan, baina horiek, sartu-irtenak eragotzi ez ezik, gure lurra jaten dute mokadu bakoitzean. Badute mitologiako jainkoek bezala aldi berean hainbat forma ezberdin mantentzeko maina; oroitu nola Zeus izan zitekeen zezen, arrano edo gizaki, besteak beste, eta arkume adeitsua izan liteke estatu-esfingea batzuekin eta hipopotamo erretxina besteekin. Planteatzen diguten asmakizuna honako hau da: nola izango zarete euskaldun Espainiako Erreinuan eta Frantziako Errepublikan? Hainbatek dio euskaldun txintxo izan behar dugula, meneko eta itunkoi. Baina arkume bare dena gaur aise bihurtzen da azkonar berekoi bihar eta gose izanez gero kentzen dizkigu gure janak eta gure seme-alabenak. Beste euskaldun batzuek diote ezetz, hipopotamo astunen zama narrasari aurre egin behar diogula, eta hala amaitzen dute gero hezurrak zanpaturik, mila kilometrora ziega batean eta bizkarra zauriturik.

Hamaika modutan konta diezazueket hau, baita greziar metafora merkeak erabilita ere, baina errealitatea gordina da: Espainiarekin eta Frantziarekin ez dago euskaldun izaterik. Hizkuntza eskakizunen aurkako epaileen azken ebazpenek argi uzten dute gure existentziak berak egiten diela traba. Eta Kataluniako erizain tentelek nola frankista diren epaileek hala pixa egingo digute goitik behera, ahal dutelako eta, batez ere, nahi dutelako. 

Presoekin eta haien senideekin krudela den espetxe politika, etengabe bigarren mailako eta gutxietsita mantentzea euskara, ezein sindikatu ilustratu eta abokatu pelayo-ren hankapean, muga pasabideak kapritxoz ixtea… Horiek dira estatuen errezetak. Sentitzen dut, baina ezin dugu jokatu estatuak existituko ez balira bezala: hor daude, ez digute arnasa egiten uzten eta egiten duguna egiten dugula zanpatuko gaituzte. Gauza bat da indarrik ez edukitzea haiengandik askatzeko eta beste bat, alferrikako asmakizunetan kateatzea. Utzi horiek Edipori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak